“Berrizko krosean sentsazio onak izan nituen eta lasterketa ona irten zitzaidan”

Joseba Derteano 2019ko urt. 26a, 10:00
Gontzal Murgoitio erdian.

Durangaldeko hainbat korrikalari Bizkaiko txapeldun geratu ziren joan zen asteburuko Berrizko krosean. Durango Kirol Taldeko Gontzal Murgoitio (2001) elorriarra da euretako bat. Junior mailako txapela jantzi zuen, kros bikaina osatuta.

Berrizko krosean 47 segundoko aldea atera zenion bigarren sailkatuari. Nagusitasunez gailendu zinen.
Nahiko argi neukan aurrean ibiltzeko aukerak nituela. Aurreko asteburuan, Elgoibarko krosean maila handiko kroslariak aritu ziren eta Euskal Herriko bigarren geratu nintzen. Nire aurretik geratu zena hernaniarra zen, gipuzkoarra. Beraz, Bizkaiko txapelketan lehenengoen artean ibiltzeko aukerak ikusten nizkion neure buruari. Berrizko krosean sentsazioa onak izan nituen eta lasterketa ona irten zitzaidan.

Egun euritsua izan zen eta horrek astundu egin zuen zirkuitua. Mesederako ala kalterako izan zenuen?
Mesederako esango nuke. Mendian eta mendiko lasterketetan ibiltzen naizenez, ondo etorri zitzaidan. Gainera, aldapak daude, eta ibilbide  exigentea da. Nire gaitasunetarako aproposa den zirkuitua da.

Aurtengo denboraldiari begira, zeintzuk izango dira zure hitzordu nagusiak?
Otsailaren hasieran Euskadiko Kopa lehiatuko da Ordizian, eta horixe dut hitzorduetako bat. Horren ostean, mendiko lasterketetan zentratuko naiz. Euskal Herriko txapelketa Tolosan izango da, ekainean, eta ondo ibiltzea gura nuke.

Futbolean ibilitakoa zara, ezta?
Bai, Elorrio futbol taldean jokatu dut. Denbora batez, futbola eta mendiko probak, biak uztartu nituen. Iazko maiatzean utzi nuen futbola.

Mendi lasterketak futbola baino gehiago gustatzen zaizkizu?
Mendi lasterketak askoz gehiago gustatzen zaizkit, bai. Futbola utzi nuen sasoi inguruan mendi lasterketen Euskal Herriko txapelketan parte hartu eta irabazi egin nuen, kadete mailan. Oso gustura ibili  nintzen. Beraz, mendian jarraitzea erabaki nuen.

Nogaz entrenatzen zara?
Mario Cruz elorriarragaz irteten naiz. Ni baino urtebete gazteagoa da eta elkarregaz gabiltza beti. Markel de la Fuente elorriarragaz ere entrenatzen naiz mendian, eta Durango Kirol Taldekoekin astero batzen naiz serieak eginez entrenatzeko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!