Kanadan elur-jausi erraldoia bertatik bertara ikusi zutenen bideolana ikusgai egongo da gaur Elorrion

Joseba Derteano 2018ko aza. 23a, 14:00

Iaz Kanadako Mendi Arrokatsuetan zeudela, esperientzia harrigarri baten lekuko izan ziren Aitor Arbulu, Jurek Ziemkiewicz, Ane Hernani eta Igor Bernas mendizaleak. Elur-jausi erraldoi bat bertatik bertara ikusi eta grabatu zuten.

Irudi haiek zein Kanadan bizitako beste abentura batzuetakoak batuta, Expect the Unexpected bideolana osatu dute eta gaur Elorrion ikusi ahalko da Erdella taldeak antolatutako Mendi Astearen barruan. Aitor Arbulu elorriarra ere hantxe egongo da azalpenak ematen. Emanaldia 19:30ean hasiko da, Iturri kultur etxean.

Mendiko aterpe batean eman zituzten azken bost-sei egunak. Helikopteroz joan ziren hara, baina itzulera lurretik egitea erabaki zuten: 45 bat kilometro eskiatzen lehenengo, eta 90 bat kilometro lur orotako ibilgailuan, ondoren. Oinez zebiltzala, hiru lur-jausi gune zeharkatu zituzten. Azkenekoa igaro ostean, arriskuaz ohartarazten zuen expect the unexpected kartela ikusi, eta bere aurrean argazkiak ateratzen geratu ziren. Ordutik aurrerakoa ez dute sekula ahaztuko. "Zarata bat entzun genuen. Lur-jausi bat zetorren. Handia zela ohartuta, urrundu egin ginen hasieran. Gero, kuriositateak eraginda, gerturatu egin ginen. Bost minutu lehenago, lur-jausiko leku beretik pasatu ginen. Bidaia berezia izan zen, gauza askogatik, baina esperientzia hori bakarra da", gogoratu du Arbulu elorriarrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!