Merkaritza txikia suspertzeko 10 ekintzako merkataritza plana burutuko du Elorrioko Udalak

Maialen Zuazubiskar 2018ko aza. 19a, 17:34

Herriko komertzioetan erosketak egitea erraztu asmoz, erosketa karroak atera dituzte Elorrioko Merkatari Elkarteko kideek.

Azken hilabeteetan herriko merkataritza txikia supertzeko asmoz Merkataritza Plana lantzen ibili da Elorrioko Udala, Elorrioko Merkatari Elkartearen eta Hiritik At enpresaren laguntzagaz. Gaur aurkeztu dutenez datozen bost urteetan gauzatzeko 10 ekintza zehaztu dituzte. "Hamar ekintza egingarri eta eragingarri planteatzen ditugu merkatarien, EMEren eta batez ere Elorrioko herritarren mesedetan", jakitera eman du Txus Arrieta zinegotziak.

Hiritik At enpresak landutako diagnosi baten ondorioa da aurkeztu duten merkataritza plana, eta helburua datozen urteetan puntu ondorengo puntuak jorratzea izango dela jakitera eman dute: Herri antolamendua, sentsibilizazioa, teknologia berriak, koordinazioa, promozioa eta fidelizazioa, besteak beste. "Epe ertainean merkataritza galtzen hasiko dela ikusi dugu, beraz, funtsezkoa da hori bultzatzeko lan egitea", adierazi du EME elkarteko Aitor Egurenek.

Bestalde, merkataritza txikia suspertzeko elkarlanean lan egitea ezinbestekoa dela adierazi dute. "Bakoitzak bere errua du, eta bakoitzak berea jarrita lan egin behar dugu", jarraitu du Egurenek.

Kanpaina arrakastatsua

Herria ilunetan kanpaina arrakastatsua izan dela nabarmendu dute antolatzaileek. Merkatari elkartea 54 bat komertziok osatzen dute, eta kanpaina honetan 112 merkatari izan dira. "Jendeak berba egitea lortu dugu, komertzioak galdu arte herritarrak ez dira konturatzen egoera zelakoa den", adierazi dute merkatari elkarteko kideek. "Merkataritza txikia da herria argitzen duena, beraz, beraien lana ezinbestekoa da", esan du Idoia Buruagak.

Horrez gain, gaurtik aurrera herriko 7 puntutan erosketa karroak egongo direla jakitera eman dute. "Karro hauekin erraztasun guztiak ematen dituzte merkatariek, herrigune historikoa supermerkatu handi bilakatuko dute", esan du alkateak.

Bestalde, etorkizunera begira tokiko merkataritza bultzatzeko asmoz aplikazio bat burutzeko asmoa dutela azaldu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!