“Azken hiru partiduetan nor garen eta benetako Elorrio zein den erakutsi dugu”

Joseba Derteano 2018ko aza. 16a, 17:00

Liga hasiera kaskar baten ostean, Elorrio futbol taldeak erreakzionatu egin du eta hiru garaipen daramatza segidan. Euskal Ligako zulotik sailkapenaren erdira egin dute salto. Aurrean fin dabiltza  eta Miriam Sanchez (Zaldibar, 1998) atezainak gol bat baino gehiago ekidin du bere geldiketekin.

Zeren ondorioa da azken asteetako erreakzioa?
Azken hiru partiduetan nor garen eta benetako Elorrio zein den erakutsi dugu. Intentsitateagaz eta lanagaz geu izatea lortu dugu eta hortik heldu dira garaipenak.

Barne hausnarketa bat egin duzue?
Astero egiten ditugu hausnarketak, partiduro. Baina, bai, lau partidu jarraian galdu genituenean, inflexio puntu bat izan zen guretzat. Horrela ezin genuela jarraitu esan genuen eta gakoa gu geu ginela konturatu ginen. Gure nortasuna erakutsi behar genuen.

Bolada onak lasaitasuna eman dio taldeari?
Bai. Ez da berdina lau partidu galdu ostean edo hiru partidu irabazita entrenatzera joatea. Hala ere, bolada txarrean egon garenean ere ondo entrenatu izan gara. Kontua da gero partiduetan ez zela hori islatzen.

Zure geldiketek badute zerikusirik bolada onean. Gustura zaude?
Hirugarren urtea dut taldean eta oso gustura nago. Elorrio talde desberdina da. Dagoen giro ona eta elkarlana aipatuko nituzke. Taldeak du garrantzia. Denok bat gara eta denok egiten dugu arraun norabide berean. Eibarren zazpi urtez jokatu nuen eta ez zen berdina. Elorriora etortzean aldea nabaritu nuen.

Jokalaria ez ezik gaztetxoen entrenatzailea ere bazara.
Orain hiru urte, Zaldibarren gaztetxoak entrenatzeko aukera eskaini zidaten eta pozik onartu nuen. Aurten Zalduak eta Elorriok indarrak batu dituzte nesken taldeak ateratzeko eta ni haur-kategoriakoekin nabil. Uste dut talde biek indarrak batu izana positiboa dela.

Gustatzen zaizu entrenatzea?
Beti esaten dut entrenatzaile barik hezitzaile sentitzen naizela. Eurek ondo pasatzea, nik ikasitakoa irakastea eta balioak transmititzea ditut helburu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!