“Tropelean aurrerago egon naitekeela erakutsi gura diot neure buruari”

Maialen Zuazubiskar 2018ko aza. 18a, 10:30

Eneritz Iturriaga txirrindulari ohi abadiñarra talde berria eratzen dabil datorren urtera begira. Enecue taldea izango da, Leonen izango du egoitza eta Ziortza Isasi elorriarra talde horretako txirrindularia izango da.

Datorren denboraldian Enecue taldean egongo zara. Nola sortu zitzaizun aukera?
Eneritzegaz eta bere senar Humbertogaz beti izan dut harremana. BZK eta Baque taldeetan eurekin egon nintzen eta oso gustura aritu nintzen. Enecue talderako gura nindutela esan zidatenean ez nuen birritan pentsatu. Niretzat aukera bikaina izan daitekeela uste dut.

Taldeak egoitza Leonen izango duen arren, zuretzat etxera bueltatzea lez izango da?
Taldea Leonekoa den arren, etxeko jendea izango dut inguruan, taldeko zuzendariak etxekoak lez dira niretzat eta giroa ere etxekoa izango da. Talde baten babes hori edukitzea ezinbestekoa da niretzat.

Oraindik gauza gutxi jakin dira taldearen inguruan. Zuk dakizunarengatik, nolako taldea izango da?
Zerbait handia egin gura dela uste dut. Taldearen helburu nagusienetarikoa nazioartean lehiatzea izango delakoan nago. Hala ere, hasieran zaila izango da, talde berria izango da eta.

Etorkizunera begira dagoen taldea dela esango zenuke?
Aurten, taldea finkatu eta tropelean ezagutarazi beharko dugu.  Oraindik berria da, ez da ezaguna, eta, beraz,  aurten oinarri bat ezartzea izango da helburua, ondoren aurrera egiteko.

Txirrindulari ohi bi izango dituzue zuzendari: Eneritz Iturriaga eta Iñigo Cuesta.
Ondo dakite biek zer den txirrindularia izatea, tropelean egotea... Beraz, hori aldeko izango dugu. Gainera, taldeari izena emateko ere ezinbestekoa da euren presentzia.

Eneritz lehendik ere izan duzu zuzendari. Nolakoa da?
Zuzendari moduan hasi zenean, txirrindulari mentalitatea zuen oraindik. Diziplina handiko emakumea zen. Baina gero ikusi zuen oraindik gazteak ginela eta asko genuela ikasteko. Eneritzek beti eman du dena guri laguntzeko.

Zein izango da zure rola?
Taldearentzat lan egitea. Euskal Herriko eta Espainiako lasterketetan ahalik eta aurreren ibiltzen ahaleginduko naiz eta nazioarteko lasterketetan, ostera, taldearentzat lan egingo dut.

Ze helburu dituzu 2019rako?
Ikasketak amaitu ditut eta bizikletan buru-belarri zentratuta nago. Tropelean aurrerago egon naitekeela erakutsi gura diot neure buruari.

Errepidean aritzeaz gain, belodromoan ere bazabiltza. Taldeak arazorik jarri dizu biak uztartzeko?
Printzipioz ez didate inongo eragozpenik jarri. Gainera, orain arte bezala jarraitu gura dut, biak uztartzen. Helburuak modalitate bietan ezarri gura ditut.

Irail amaieran, pistako Espainiako Txapelketan, eroriko bat izan zenuen eta errekuperazioa espero baino luzeago joan zaizu.
Jausi nintzenean hainbat zauri egin nituen eta saihetsetan kolpe handia hartu nuen. Hala ere, ez zen hori izan txarrena. Iztarte inguruan  kolpe gogorra hartu nuen, nerbioren bat harrapatu nuen, eta orduz geroztik hankak lokartuta ditut. Hiru hilean horrela eduki ditzakedala esan didate medikuek.

Noiz ikusiko zaitugu berriro lasterketa batean?
Abenduan berriro ere Eustrak-Euskadi taldeko kideekin belodromoan bueltaka ibiltzea espero dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!