Energia aurreztu, mantenua hobetu eta instalazioarekin kontrola hobetu asmoz LED argiteria jartzen dabiltza Elorrion. "Elorrioren jasangarritasunak arduratzen gaitu, eta gure esku dagoen guztia egingo dugu gutxinaka arlo honetan hobetzeko", adierazi du Idoia Buruaga alkateak. Udalak ohar bidez jakitera eman duenez, dagoeneko Erreka Kaleko, Labakuako, Virgen de Begoñako eta udaletxe inguruko argi puntuak ordezkatu dituzte, froga lez.
Bestalde, lan hauek 82.000 euroko aurrekontua izango dutela jakitera eman dute, eta oraingoz 44.000 euro Bizkaiko Foru Aldundiak emandako diru-laguntza bidez ordainduko dituztela. Horrez gain, lan hauekin 10.000 euro aurreztuko dituztela eta %70etik gorako aurrezpen energetikoa izango dutela jakitera eman dute.