'Zuk daukazu hitza' ekimena martxan, elorriarren iritziak jaso asmoz

Maialen Zuazubiskar 2018ko aza. 7a, 16:00

Azaroaren 14ra arte herritarren ekarpenak jasoko dituzte.

2019ko aurrekontuak lantzen hasi aurretik elorriarren iritzi eta lehentasunak zeintzuk diren jakin asmoz lanean dabil Elorrioko Udala. Hori horrela, 'Zuk daukazu hitza' ekimena martxan jarri dute eta herritarrei galdetegi bat bidaliko diete ahalik eta iritzi gehien jaso asmoz. Aurrez, berriz, inkesta telefoniko eta presentzialak burutu zituzten.

“Udalak inbertsioetara bideratu ditzakeen baliabideak mugatuak dira, eta horrek aurreikuspenekin aritzera behartzen gaitu”, esan du Idoia Buruaga alkateak. Beraz, galdetegian hurrengo urterako balizko inbertsioen artean lehentasunak markatzeko eskatuko dietela herritarrei jakitera eman du Buruagak, eta baita, udala zorpetu beharko balitz zein proiekturengatik izan beharko litzatekeen.

Bestalde, ekarpenak azaroaren 14ra arte egin ahalko direla jakitera eman dute, udaletxean jarriko den buzoian edo www.elorrio.eus webgunean egongo den galdetegia beteta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!