Durangaldeko talde gazte baten kontzertuagaz hasiko da aurtengo jaialdia. Nevadahk azaroaren 8an eskainiko du emanaldia. Azaroaren 9an, Dani Pozo 4tet izango dira protagonistak. Gazte talde honek munduko zenbait erritmo jazzagaz nahasten ditu. Egun bat geroago, hilaren 10ean, Lonj gitarrista frantziarraren gitarra doinuez eta ahotsaz gozatzeko aukera egongo da. Besteak beste, Burdeosko musikaria BB King, T-Model Ford eta Sam Carr blues izarrekin aritu izan da oholtza gaineran.
Zortzi ekitaldi
Azaroaren 18ra arte iraungo du jaialdiak. Bigarren asteburuko kontzertu sorta The Cherry Boppersek zabalduko du; bilbotarrak funkaren ezinbesteko erreferentzia dira Euskal Herrian. Angel Unzu Cuarteto Electricok azaroaren 16an eskainiko du kontzertua; jazz eszenako hiru animaligaz batera osatzen du Unzuk laukote hau: Andrzej Olejniczak-egaz, Gonzalo Tejadagaz, eta Juanma Urrizagaz. Azaroaren 17an Hector Watt estatubatuarra izango da oholtzan. Arriolatik herri osora zabaltzea izan da antolatzaileen helburuetako bat. Horrela, gaztetxean (azaroaren 11n, Broken Brothers Brass Band) eta Portalekuan (azaroaren 18an Tobaco Road) ere egingo dira kontzertuak.