“Ume eta nerabe hauei tratu txarra ematen dietenak euren gurasoak, senideak eta euren kargu dauden tutoreak izaten dira”

Maialen Zuazubiskar 2018ko aza. 7a, 13:30

Azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren kontrako Nazioarteko Egunaren harira, egitarau zabala antolatu dute Elorrion. Azaroaren 8rako ume eta nerabeenganako indarkeria matxistari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte. Jardunaldi hauetan Aitziber Bañuelosek parte hartuko du, Eraikiz kolektiboko kideak.

Azaroaren 8an, Elorrioko Udalak ume eta nerabeenganako indarkeria matxistari buruz antolatu dituen jardunaldietan parte hartuko duzue.
Elorrion, berdintasun arloan kezkatuta daude ume eta nerabeenganako indarkeria matxista dela-eta, eta jardunaldiak antolatu dituzte gaia lantzeko. Jardunaldi hauen asmo nagusietako bat indarkeria mota hau ezagutzera ematea izango da. Horrez gain, hainbat esparrutako profesionalak eta udalerriko gazteekin arduraren bat dutenak kontzientziatzea izango dugu helburu. Esaterako, irakasleekin, gizarte-zerbitzuetako kideekin eta udaltzaingoagaz batuko gara. Besteak beste, indarkeria egoerak ze testuinguru soziokulturaletan gertatzen diren azalduko diegu guztiei. Baita zelan hauteman ditzakegun eta horien aurrean nola jokatu beharko genukeen ere. Beste helburuetako bat arazora hurbiltzea ere izango da.

Herritarrentzat zabalik dagoen mahai-inguru batean ere izango zara.
Bai. Hiru elkartek parte hartuko dugu eta herritarrei nerabe hauen egoera azaltzea izango da helburua. Baita prebentzio eta babeserako klabe batzuk ematea ere.

Ume eta nerabeen artean hainbat indarkeria matxista mota daude.
Bai, eta guk horietako hiru jorratuko ditugu. Lehenengo kasua adingabekoak beraien aitak amari egiten dion biolentziaren partaide direnekoa izango da. Bigarrena umezaroan haurrak jasan dezakeen indarkeria sexuala da eta, azkena, nerabezaroan jasan ditzateketen indarkeriak. Hiru kasu horiek aztertuko ditugu.

Gazte hauen errealitatea ikusezin bihurtu dela esango zenuke?
Azkenaldian gizartean gaztetxo hauen errealitatea agerian jartzen ari den arren, esparru batzuetan egoera hauek gordeta daude oraindik, ikusezinak dira. Gai orokorretan emakumeen kontrako indarkeria ikusezin bihurtzen bada, ume eta nerabeenganakoa oraindik eta ikusezinagoa da.

Azken ikerketen arabera, bost nerabetik batek abusuren bat pairatzen du gaztaroan.
Eta adinez nagusiak diren pertsonen menpekoak diren heinean, normalean ume eta nerabe hauei tratu txarra ematen dietenak euren gurasoak, senideak eta euren kargu dauden tutoreak izaten dira. Hau da, umeek, normalean, adinez nagusiak direnengandik jasotzen dituzte tratu trarrak. Gainera, adintxikikoek zenbait testuinguru eta arrazoirengatik jasaten dituzte erasoak. Baina kalteberatasun faktore bat partekatzen dute denek: adinez nagusiak diren pertsonen ardurapean dauden umeak dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!