Merkataritza biziberritu eta herritarrak sentsibilizatu asmoz, 'herria ilunetan' kanpaina martxan jarriko dute

Maialen Zuazubiskar 2018ko aza. 6a, 10:35
Elorrioko Mertakari Elkarteko kideak

Elorrioko merkataritzari bultzada bat eman eta hau biziberritu asmoz, 'herria ilunetan' kanpaina martxan jarriko du Elorrioko Merkatari Elkarteak.

"Leku guztietan bezala, apurka-apurka merkataritza galtzen doa eta hau suspertzea ezinbestekoa iruditzen zaigu", adierazi du Izaskun Agirre merkatarien elkarteko presidenteak.

Hori horrela, azaroaren 12tik 18ra bitartean Elorrioko 114 komertziok plastiko beltzak jarriko dituzte erakusleihoetan. "Ekimen honegaz herria ilunetan geratuko da eta herritarrek ikusi ahal izango dute Elorrio nolakoa izango litzatekeen bizia ematen dioten komertzio txiki barik", jarraitu du.

Astebete ilunetan egin ostean, azaroaren 19an plastikoak kendu eta kaleak alaituko dituzte. Asteburuan, azaroaren 23 eta 24an, argiaren asteburua ospatuko dute. "Elorriarrak sentsibilizatzeaz gain, herriko gazteei komertzioak hartzeko deia egingo diegu, jendea jubilatzen doa eta beraiek dira gure etorkizuna", esan du Agirrek.

Bestalde, herria ilunetan argazki lehiaketa ere antolatu dutela jakitera eman dute. Argazkiak azaroaren 22rako aurkeztu beharko dira eta irabazleen berri azaroaren 24an emango dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!