Gaur aurkeztu dute 43. Elorrioko Ziklokrosean jakitera eman dutenez, domekan ibilbide eraberritua aurkituko dute Elorriora hurbiltzen diren txirrindulariek. Orain arte, San Joseko eta hilerri inguruko landetan egiten zen ibilbidea, San Joseko landetara mugatu dute antolatzaileek. Hori horrela, aurtengo ibilbideak 2.503 metro izango ditu, aurreko urteetakoak baino 400 bat metro gutxiago. Horrez gain, zirkuituaren norazkoa ere aldatu egin diote eta hareatza bat eta enbor bi ere jarriko dituzte ibilbidean, besteak beste. "Domekakoa ikusleentzat ikusgarria izango da eta txirrindularientzat ere oso polita izango da, espektakulua ziurtatuta egongo da", adierazi du Joseba Gorostiza Elorrioko Txirrindularitza Eskolako kideak.
Txirrindulari onenak Elorrion
Iazkoa lez, aurtengoa ere UCIko mailarik altueneko lasterketa izango da. Horrek Espainiar Estatuko eta nazioarte mailako txirrindulari onenen presentzia ahalbidetu du. Gizonezkoen lasterketak, esaterako, izen handiko txirrindulariak batuko ditu: Aitor Hernandez, Felipe Orts, Vincent Baestanes, Bran Merlier, Dario Tyelen, Ismael Esteban, Javier Ruiz de Larrinaga, Kevin Suarez eta Ivan Feijo, besteak beste. "Jende oso ona egongo da domekako proban eta podiuma garesti egongo da. Hala ere, bertan egoteko borrokatuko dugu", adierazi du prentsaurrekoan aurten lehiatu dituen bost lasterketetan bost garaipen eskuratu dituen Aitor Hernandezek.
Emakumezkoei dagokienez ere nazioarte mailako txirrindulari onenak egongo dira irteera lerroan. Helen Wyman, Manon Bakker, Jinse Peeters, Lucia Gonzalez eta Aida Nuño izango dira lasterketako borrokan egoteko faborito batzuk. "Emakumezkoetan nazioarteko partaidetza izugarria izango dugu eta hori pozgarria da", adierazi dute antolatzaileek. Idoia Buruaga alkateak, berriz, eskerrak eman dizkie proba hau antolatzen dabiltzanei parekidetasunaren alde egiten duten apostuarengatik.
Bestalde, junior mailako lasterketa ere nazioarteko lasterketa izango da eta kadete mailakoa Espainiako Koparako puntuagarria. Maila bi hauetan ere "etorkizun handiko" txirrindulariak egongo direla azpimarratu dute antolatzaileek.
"Ohorea da Bizkaian horrelako lasterketa bat izatea eta federaziotik hau babesten jarraituko dugu", adierazi du Agustin Ruiz Larringan Bizkaiko presidenteak. Horrez gain, Dani Palacios zinegotziak Elorriorentzat maila horretako probak egitea "ohorea" dela adierazi du, eta eskerrak eman dizkie proba antolatzeko lanean dabiltzan bolondres, babesle eta kolaboratzaileei.