Elorrioko Udala autoak birkargatzeko puntua atontzen ari da. Prentsa ohar bidez jakitera eman dutenez, aste bi barru martxan izatea aurreikusten duten birkarga puntua Energiaren Euskal Erakundearen (EVE) baitan dagoen IBIL sistemak kudeatuko du, EVE-ren eta Elorrioko Udalaren artean hitzarmena sinatu ostean. "Ahalik eta Elorrio jasangarrienean bizi nahi dugu, eta lanean jarraituko dugu helburu horrekin", adierazi du Idoia Buruagak.
Mugikortasun astea
‘Uztartu eta mugi zaitez’ lelopean, Elorrioko Udalak mugikortasun eredu jasangarriago baten aldeko hainbat ekintza antolatu ditu Europako Mugikortasun Astearen baitan. Irailaren 22ra bitartean prestatutako programazioa adin tarte guztietara zuzenduta dagoela adierazi dute.
Gaur eta bihar esaterako, elorriarrek auto eta bizikleta elektrikoak frogatzeko aukera izango dute. Martitzenean eta ostegunean, berriz, herriko nagusiek bastoiekin ibiltzen ikasteko aukera izango dute. Eguaztenean, berriz, Goiener-ek ‘Mugikortasuna eta Burujabetza energetikoa’ hitzaldia eskainiko du eta barikuan Elorrioko Mugikortasun Planaren inguruko hitzaldia eskainiko dute.
Gaztetxoenek ere beraien tartea izango dute, izan ere, ikastetxeetan Bide Heziketaren inguruko formazioa jasoko dute aste guztian zehar. Horrez gain, zapatuan hainbat ekintza izango dituzte.