Eguraldiagatik atzeratutako Euskal Herriko Hike&Fly txapelketa zapatu honetan egingo dute, Elorrion

Joseba Derteano 2018ko ira. 7a, 14:50

Elorrioko Larrano Parapente Taldeak Euskal Herriko Hike&Fly txapelketa antolatuko du zapatuan. Euskal Herrian modalitate horretako txapelketa antolatzen den lehenengo aldia izango da.

Ekainaren amaieran egitea aurreikusita zegoen, baina eguraldiak ez zuen ahalbidetu. Ondorioz, antolatzaileek ekimena atzeratzea erabaki zuten. Zapatu honetakoa bigarren saiakera izango da.

Dena ondo badoa, parapentelariz josiko da Elorrioko zerua, kirol horretako osagai bereizgarriena horixe delako. Berez, zenbait dohainen uztarketa eskatzen duen kirola da. Estrategian burutsua, fisikoki prestatua eta hegaldi librean abila izan behar du partaideak. Denbora jakin batean, antolakuntzak zehaztutako ibilbidea egin beharko dute, oinez eta parapentez.

Egunean bertan egin daiteke izen-ematea, 10:00etatik 12:00etara, Elorrioko Herriko Plazan. Txapelketa plazatik bertatik abiatuko da, 12:30ean. Iguriara eta Udalatxeko meategi inguruetara igoko dira oinez, hantxe dagoelako parapente hegaldirako abiapuntua. Behin airean, nork bere abilidadea erakutsi beharko du baliza zirkuitu batetik igarotzeko. Lurreratzea San Antonen egin beharko dute parte-hartzaileek, eta hankak lurrean jarri ostean berriro herrigunera itzuliko dira, lasterketako helmuga plazan egongo delako.

Iluntzean, partaideak afarian batuko dira. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!