Elorrioko Ferixa Nausikoak

Urrezko ezteiak ospatzeko prest dator Ferixa Nausikoetako danborrada

Aitziber Basauri 2018ko abu. 31a, 19:20

1968ko Ferixa Nausikoetan entzun ziren lehenengoz danbor hotsak Elorrion. 50 urte izango dira umeen danborrada estreinakoz kalera irten zena, eta urteurren berezi horrek sorpresaren bat ekarriko du.

Urrezko ezteiak bete direnean, gainera, testigua emango du Mila Royok, 28 urtean Elorrioko danborrada antolatzen jardundakoak. Andrea Basabek, Olatz Bikuñak, Gorka Martin 'Kalero'-k  eta Amaia Basabek hartuko dute ardura. "Negarrak ere irten zidan iaz, nigana etorri eta eurek jarraituko zutela esan zidatenean", dio Royok. Urrezko ezteiak egitean danborrada antolatzeari utziko ziola esana zuen berak, "baina, ahal dudan heinean lagunduko dut", gaineratu du.  

1968an irten zen umeen danborrada lehenengoz, eta hurrengo urtean helduena, Royok gogoratu duen moduan. Urte hauetan guztietan antolakuntzan jardun du berak. "Ez neukan astirik danborra jotzen ikasteko; arropak, materiala, entseguak.... Seme-alaben bitartez bizi izan dut Elorrioko danborrada batez ere", adierazi du. Behin irten da plazara, 2000. urtean. "Sei urtean egin barik egon ostean, 1999an umeen danborrada berreskuratu genuen eta, horretarako, Elgetan ibili nintzen ikasten, gero umeei irakasteko", esan du. Hala ere, tarteka hartzen du danborra entseatzeko, urduritasuna kentzeko. Badu amets bat Royok: "Ondo banago, datorren urtean plazara irten eta danborradan parte hartu gura nuke". Danborradak ea beste horrenbeste urte egingo dituen galdetuta, urtez urte ikusiko beharko dela dio, baina baduela itxaropena gazteengan. Emozionatuta bizi du danborrada Royok. Hori eta Sukalki Eguna bizi ditu bereziki jaietan. Bihar irtengo da ehundik gora lagun batzen duen helduen danborrada. Umeen txanda etzi izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!