Pozik zaude sariagaz?
Sorpresa handia izan zen niretzat. Oso pozik nago herriko jaiak nik sortutako kartelak iragarriko dituelako.
Zer islatu gura izan duzu kartel horregaz? Zelan interpretatu dezakegu?
Jaiak denontzat direla irudikatu gura izan dut. Jaietan aniztasuna dagoela eta jaiak denontzat direla.
Horretarako, zein elementu erabili duzu?
Kartelean ikus daitekeen legez, Feria dela-eta barazkiak agertzen dira, animaliak ere bai. Berdintasuna presente izateko, puntu morea ere agertzen da. Atsoen tronpetak, astoak eta denetik. Pertsona bakoitzagaz nahaste bat egin dut aniztasun hori transmititzeko.
Sortze prozesua zelakoa izan da?
Bozeto batzuk eskuz egin nituen, eta horren ostean ordenagailuagaz egin dut lan.
Zenbat bider aurkeztu zara kartel lehiaketara?
Lehenengo aldia izan da hau, eta sorpresa izan da.
Diseinu arloan diharduzu?
Diseinua ikasten nabil, eta hemendik aurrera gehiagotan parte hartuko dudala uste dut. Diseinu Integrala ikasten nabil Madrilen. Gradu bikoitza da. Alde batetik, horren barruan diseinu grafikoa eta barne diseinua sartzen dira. Bestetik, moda diseinua.
Madrilen ikasi arren, jaietan Elorrion egongo zara. Zer da jaietan gehien gustatzen zaizuna?
Herritarren artean sortzen den giroa da gehien gustatzen zaidana. Adin guztietako jendea batzen gara jaietan, eta hori oso polita da. Kuadrillen eguna, esate baterako, oso polita da. Ekitaldien artean, gauetako kontzertuak, azoka, danborrada... denetara joaten gara.
Zine arloan baduzu esperientzia. Iratxe Mediavillaren Argi filmean parte hartu zenuen. Zineak zein espazio betetzen du momentu honetan zure bizitzan?
Txikitatik gustatu izan zait antzerkian aritzea, eta aukera sortu zenean gustura aritu nintzen. Hala ere, orain mundu hori alde batera gelditu da.