Lehenbizikoek jarraitzaile andana dute Elorrion bertan, eta baita eskualdean ere; Durangora etorri ziren azkeneko aldian bete egin zuten Plateruena kulturgunea. Hexen taldea Algortatik dator. Street punk doinuak jorratzen ditu emakume talde honek. Irailaren 7an, ostera, doinu dantzagarriagoak egongo dira aukeran plazan. Zea Mays eta Koban taldeek eskainiko dute kontzertua egun horretan. Zea Maysek daraman ibilbidea oso ezaguna da. Koban, ostera, talde berriagoa da, baina, hala ere, uda osoan hara eta hona ibili da Euskal Herriko hamaika herritan kontzertuak eskaintzen; elektroswing dantzagarria jorratzen dute. Dantzarako aukera edukiko du, baita ere, irailaren 8an Urarkara doanak. 70eko, 80ko, eta 90eko hamarkadetako ereserkiak abestuko ditu Aliron taldeak. Azken garaian bogan dagoen Sonakay taldeak egun bat geroago eskainiko du kontzertua, irailaren 9an, plazan. Flamenkoa euskaraz egiteagatik egin da ezagun talde hau.
Eskualdeko taldeen aldeko apustua egin du beste behin ere gaztetxeak. Bertan aurkeztuko du Nevadah taldeak We´re Coming To You azken lana. Beraiekin batera arituko dira John Dealer & The Coconut, irailaren 1ean. Irailaren 8an, Stronger Together berriztarrek hardcore doinuak deskargatuko dituzte gaztetxeko oholtza gainean. Beraiekin batera, N2OGU taldea arituko da gau horretan. Gaztetxean, baita ere, Revolta Permanent taldea arituko da irailaren 6an. Barakaldarrek hankaz gora utzi zuten gaztetxea beraien metal eta elektronika nahaste indartsuagaz.
Taula gainean ez ezik, musika Elorrioko kaleetan ere izango da protagonista. Disko-jartzaileak egongo dira egunero, tartean, Jkin Alonso elorriarra. DJ Bull eta Oihan Vega musika-jartzaile entzutetsuak ere arituko dira musika jartzen. Zenbait fanfarre arduratuko dira kaleak girotzeaz. Denetariko doinuak joko dituzte horiek. Irailaren 1ean mariatxiak ikusteko aukera egongo da.