Hala ere, jaiak ofizialki txupinazoagaz hasiko dituzten arren, aurreko egunetik jai-giroan murgilduta egongo dira Elorrion. Izan ere, zenbait jarduera abuztuaren 31rako antolatu dituzte, Gaztetxean eta Txosnagunean, besteak beste. Ferixa Nausikoek irauten duten egunetan 40 emanaldi baino gehiago egongo dira. Elorrioko Udaleko teknikaria den Iñaki Larrañagak jakitera eman duenez, jarduerarik gehienak herriko plazan izango dira, baina txosnagunean, Urarkan eta Aldatsekuan ere hainbat ekitaldi egongo dira.
Gazteei bideratutako jaiak
Bestalde, jaiak aurkezteko ekitaldian, aurtengo Ferixa Nausikoetan gazteentzako egitaraua indartu gura izan dutela jakitera eman zuten. "Gazteekin lanketa berezia egin dugu, beraientzat espazio eta ekitaldi gehiago egoteko asmoz", adierazi zuen Idoia Buruaga alkateak. Hori horrela, hainbat ekintza antolatu dituzte, skate eskola eta gaztetxoentzat DJa, besteak beste
Horrez gain, urtero lez jai ez sexisten alde lanean dabiltzala jakinarazi zuten aurkezpenean. Hori horrela, protokolo bat sortu dute. Gainera, barreketako arduradunekin lanketa berezia egin du udalak irudi estereotipatuak saihestu asmoz.
Azoka
Bestalde, jaiei izena ematen dien azoka irailaren 2an egingo da, 10:00etan hasita. Nekazarien, abeltzainen eta artisauen eskutik kalitaterik goreneko produktuak dastatu, usaindu, ikusi eta erosteko aukera eskainiko du Elorrioko Ferixa Nausikoetako azokak beste urte batez.
Bertan, herriko nekazari, abeltzain eta artisauez gainera, Durangaldeko eta Euskal Herriko beste hainbat ekoizlek ere parte hartuko dute. Guztira, nekazarien 53 postu egongo dira, artisauen 16 postu, txosna bi taloekin eta ENEEK produktu ekologikoekin jarritako kontainerra. Horrez gain, ganadua ere egongo da.
Kuadrillen arteko bazkaria
Astelehenean, berriz, urtero legez, herriko kuadrilla guztiak batzen dituen bazkaria egingo dute Aldatsekuan. Gainera, tortilla txapelketa ere egingo dute bertan. Arratsaldean, 18:00etan, kuadrillen jaitsiera egingo dute.