Aurten mende erdi bete dituzten Txintxirri Ikastolako eta Besaide dantza taldeko kideek eta 30 urte bete duen Gaztetxeko lagunek botako dute Ferixa Nausikoetako txupinazoa. "Urte luzez herria hauspotzen dabiltzanak merezi dute jaiei hasiera ematea", adierazi du Idoia Buruaga alkateak. Urtero legez, Jai Batzordeko kideek aukeratu dute nortzuk arduratuko diren pregoia irakurtzeaz eta txupinazoa jaurtitzeaz. Bestalde, hiru elkarteetako kideak "eskertuta" agertu dira eta txupinazoa egindako lanaren aitorpen bat dela adierazi dute.
40 emanaldi
Ofizialki jaiak irailaren 1ean, 20:00etan, hasiko diren arren, aurreko egunetik jai giroan murgilduta egongo dira Elorrion. Izan ere, zenbait ekintza abuztuaren 31rako antolatu dituzte, Gaztetxean eta Txosnagunean, besteak beste. Gaztetxean, DJ Bull arituko da, gauerdian. Txosnagunean, Arkada Social eta Hexen taldeek kontzertuak joko dituzte.
Abuztuaren 31tik irailaren 10era arte ez da jai girorik faltako Elorrion. Gazte zein helduentzako 40 emanaldi antolatu dituztela jakitera eman du Iñaki Larrañagak. Bestalde, Idoia Buruagak gazteekin lanketa berezia egin dutela aitortu du, beraientzat espazio eta ekitaldi gehiago egoteko asmoz.
Horrez gain, jai ez sexista batzun alde lanean dabiltzala eta herriko taberna guztietan udalak egin duen protokoloa banatuko dutela jakitera eman dute. "Txosnetan, tabernetan eta barraketan musika sexistarik ez jartzea bultzatuko dugu", bukatu du Buruagak.
Aizpuru, kartel irabazlea
Bestalde, iraileko lehen egunean hasiko diren Ferixa Nausikoen jaiak iragarriko dituen kartela Sabina Aizpuruk irabazi du, 'Danontzako' lanagaz. Aizpuru elorriarrak ANBOTOk emandako 500 euroko saria jasoko du.