“Elorriarrek gure kulturaren aletxo bat ezagutzeko aukera izatea gauza polita da guretzat”

Maialen Zuazubiskar 2018ko uzt. 13a, 12:00

Zapatuan ez da jai girorik faltako Elorrion, herriko senegaldarrek euren herrialdeko laugarren Haware jaia antolatu dute eta. Hamaika urtez Elorrion bizi den Awa Sagna gogotsu dago aurtengo ediziorako.

Zer da Senegalgo Haware jaia?
Elorriarrei eta bertara datozen pertsona guztiei gure ohiturak, kultura eta jatekoak erakusteko jaia da Haware. Hala ere, jai honen helburu nagusia dirua biltzea da, gero liburuak, jatekoa... Afrikara bidali ahal izateko.

Gura duenak Afrikako platerak dastatzeko aukera izango du.
Bai. Hiru plater egingo ditugu. Lehenengoak Thieb Bu Jen du izena; arrozak eta arrainak osatzen dute platera. Bigarrena saltsa berezi bategaz egindako arraina izango da, eta, azkenik, oilaskoa eskainiko dugu, Senegalen egiten dugun eran. 13:00etan hasiko gara bazkaria ematen. Nagusiek bost euro ordaindu beharko dituzte, eta umeek, 2,5 euro. Edariagatik euro bat ordaindu beharko da.

Aurten laugarren edizioa ospatuko duzue. Elorriarrek ondo erantzuten duten seinale da hori.
Elorriarrek oso ondo erantzun dute beti, eta aurten ere denak daude gonbidatuta. Elorriarrek gure kulturaren aletxo bat ezagutzeko aukera izatea gauza polita da guretzat. Gainera, lehen esan bezala, gure janaria dastatzeko aukera izateaz gain gure kultura ezagutzeko aukera ere izango dute.Arratsaldean, esaterako, Afrikako dantzak egingo ditugu.

Senegaldarren elkarte indartsua omen duzue Elorrion.
Elkartearen helburua Afrikara beharrezkoak diren elikagaiak, produktuak, materialak... bidaltzea da. Horretarako, badakigu urte guztian egin behar dugula lan, eta horretan aritzen gara, buru-belarri. Elorrioko elkartean hainbat herritako lagunak gabiltza gaur egun, ehundik gora. Hau guztia udalari esker ere bada.

Dagoeneko hamaika urte daramatzazu Elorrion. Nolako harrera izan zenuen?
Harrera oso ona izan nuen eta oso gustura nago hemen. Elorriarrak bihotz onekoak dira eta oso pozik nago herrian. Hizkuntzaren aldetik, euskara zaila egiten zait. Hala ere, saiatzen naiz zerbait ikasten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!