Musikaire jaialdiak munduko musika eta antzerkien topaleku bilakatuko du Elorrio uztaileko asteburuetan

Aritz Maldonado 2018ko uzt. 2a, 10:23

Diziplina askotariko ikuskizunak egongo dira Elorrion uztaileko asteburuetan egin ohi duten jaialdian.

Uztailaren 6an hasiko da aurtengo Musikaire, Juan Ortiz Tokyo Quarteten kontzertuagaz. Lariz jauregian izango da emanaldi hau. Biharamunean, Morgan talde madrildarrak joko du bertan. Domekan, ostera, Borja Ytuquepintasen ikuskizuna izango da protagonista. Hareagaz artea egiten du artista honek, eta bere eskuekin poesiaz beteriko istorioak sortzen ditu; txotxongiloekin eta zuzeneko musikagaz uztartzen ditu hareazko irudiak, ikuskizun anitza eskainiz. Bigarren eta hirugarren asteburuetan, Elorrioko plazan izango dira emanaldirik gehienak. Camtu Band, Sinfonity eta dantza garaikide ikuskizunak egongo dira 13tik 15era. Hurrengo asteburuko emanaldiekin The Primitals tribuak musikal dibertigarria eskainiko du, a capela. Uztailaren 21ean The Souljazz Orchestrak kontzertua eskainiko du; lo-fi eta boogie eta elektro-disko doinuak jorratzen ditu talde kanadiarrak.

Doinu afrikarrak
Zikloa ixteko, munduko musikak izango dira protagonista ostera ere. Travellin´Brothers taldeak kontzertua eskainiko du Tolan, uztailaren 27an. 28an, berriz, Tosta Bandak joko du; besteak beste, Eskozia, Galizia eta Irlandako kideak ditu talde honek. Aurtengo edizioa Elorrioko  Enekora taldeak itxiko du, Tola jauregian eskainiko duen kontzertuagaz. Taldearen kontzertuetan munduko hainbat txokotara egiten dute jauzi musikaren bidez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!