Uztailaren 14an ospatuko da Kanpanzar Eguna

Maialen Zuazubiskar 2018ko eka. 29a, 18:00

Gaur aurkeztu dute Kanpanzar Eguneko egitaraua. Aurkezpenean Idoia Buruaga Elorrioko alkatea eta Maitane Lopez zinegotzia, Jose Angel Nikeo Angiozarko alkatea eta Maria Ubarretxena Arrasateko alkatea eta Juanra Mendieta zinegotzia egon dira.

Orain arte, Elorrio, Arrasate eta Angiozarko herritarrak uztailaren 31n batzen ziren Kanpanzarren, bertako eguna ospatzeko. Hala ere, azken urteetan, data horretan, "jende gutxi" batzen zela ikusita, Elorrioko, Arrasateko eta Angiozarko Udalek jai eguna uztaileko bigarren zapatura aurreratzea erabaki dute. Gaur goizean, Kanpanzarren egin duten prentsaurrekoan Idoia Buruaga Elorrioko alkateak jakitera eman duenez, "data txarrak" zirela bazekiten, horregatik erabaki dute jaia aurreratzea.

Herritarrei bertaratzeko deia

"Urtean zehar ez dugu hiru herrien artean hartueman handirik izaten eta honek horretarako aukera paregabea ematen du", adierazi du Buruagak. Horrez gain, Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak eta Jose Angel Nikeo Angiozarko alkateak herritar guztiei Kanpanzar Egunera hurbiltzeko deia egin diete. "Merezi duen eguna da, hiru herriok bat egiten baitugu", esan du Buruagak.

Bestalde, Kanpanzar Egunera bertaratzen direnek, mugarrien ibilbideari esker, hiru herriak zein tokitan bat egiten duten ikusteko aukera izango dute. "Ibilbide polita da, gainera, mugak non dauden ikusteko aproposa da", jarraitu du Nikeok.

Egitaraua

Goizean Kanpanzarrerako igoera egingo dute. Elorriotik bizikletan igoko dira, 11:00ak inguruan. 12:00etan, mugarrien ibilbidea egingo dute eta 12:30ean trikitilariak egongo dira. 14:30ean bazkaltzeko batuko dira eta 15:30ean Gauargi taldearen eskutik erromeria egongo da. 16:30ean, berriz, urtero egiten duten doke txapelketa egingo dute, elorriarrak arrasatearren kontra ariko dira. "Lehia osasuntsu batean batzen gara doke jokoan", bukatu du Buruagak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!