Elorrioko udalak herritarrei dei egin die, LGTBI+ mugimenduek deitzen dituzten ekintzetan parte har dezaten

Elorrioko Udala 2018ko eka. 28a, 13:28

Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna dela eta, Elorrioko Udalak ondorengo adierazpen instituzionala onartu du.

49 urte igaro dira Stonewalleko erreboltaz geroztik. 1969. urtetik, ekainaren 28an LGTBI+ pertsonen Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna ospatzen da: dibertsitatea eta egindako lorpenak ospatzeko eguna,  sexualitatea eta generoa modu askean bizitzeko eta baita eskubideen eremuan aurrerantz egiteko falta den guztia aldarrikatzeko eguna ere.

Gaur egun, oraindik ere, LGTBI+ pertsonek mota guztietako diskriminazioak jasaten dituzte, askotan indarkeria barne: sexu-orientazioagatiko eta/edo genero-identitateagatiko gorroto-delituak, heterosexualitatea arau gisa inposatzen dela agerian uzten duten hainbat diskriminazio eta eraso, trans kolektiboaren patologizazioa, trans diren haur eta nerabeentzako arreta egokirik eza, eta abar.

Ez dugu ahaztu behar bidegabeko errealitate diskriminatzaile hori askoz handiagoa dela pertsona askorentzat: arraza, jatorria, egoera administratiboa eta/edo sozio-ekonomikoa eta abar direla medio. Oraindik ere hori gertatzen ari da gure jendartean, eta gure betebeharra da LGTBI+ pertsonen aurkako diskriminazio mota oro ezabatzeko lan egitea. Araudiari eta ekintza espezifikoak martxan jartzeari dagokienez aurrerapausoak eman diren arren, oraindik lan asko egin behar da LGTBI+ pertsonek, eskubide guztiez egun guztietan goza dezaten defendatzeko eta sexualitatea eta generoa bizitzeko modu eta adierazpen guztien normalizaziorantz beharrezko gizarte-aldaketa gauzatzeko.

Egun honetan ezin dugu ahaztu Euskal Herrian mugimendu LGTBI+ eta feminista osatzen duten pertsona guztien borrokaren aldarrikapena, izan ere, eguneroko zereginean, eta diskriminazio mota oro ezabatzeko lan eginez, gizarte benetan bidezkoa, parekidea eta feminista eraikitzeko funtsezko ekarpena egiten baitute. Euren borrokari laguntzeko gure konpromiso politikoak egunerokoa izan behar du, ez soilik adierazpenak eginez, baizik eta gizarte-ordezkariekin adostutako ekintzak martxan jartzeko giza baliabideak, baliabide teknikoak eta ekonomikoak konprometituz, betiere ikuspegi feminista eta eraikitzailearekin.

Horregatik, Elorrioko Udal honek konpromisoa hauek hartzen ditu :

1) Bere politiketan sexu-aniztasuneko eta genero-identitateko ikuspegia sartzea, eta zehazki:

  • Diskriminazioaren prebentziorako eta identitate eta praktika sexu-afektibo ez heteroarautzaileak, askotarikoak eta askatasunean egindakoak garatzeko ekintzak barnean hartzen dituzten baterako hezkuntza feministako programak egiten jarraitzea, beharrezko baliabideak bermatuz.
  • Diskriminazioa jasaten duten LGTBI+ pertsona guztiei, eta bereziki beren sexu, arraza, jatorri, egoera administratibo eta abarrengatik kalteberatasun handiagoko egoeran dauden pertsonei sozialki, psikologikoki, juridikoki eta ekonomikoki laguntzeko beharrezko baliabide guztiak ematen saiatzea.
  • EAEn LGTBI+ pertsonen eskubideen defentsa osoa eta araudiaren garapen egokirako beharrezko baliabide guztiak bermatuko dituen araudi espezifiko bat martxan jartzeko Eusko Legebiltzarrari eta Eusko Jaurlaritzari eskaera egitea.
  • Gure eskumenen esparruan, beste leku batzuetatik iristen diren eta beren sexu-orientazioaren eta/edo genero-identitatearen ondorioz jazarpena jasaten dutela adierazten duten pertsona guztientzako arreta osoa eskaintzen jarraitzea.
  • Mugimendu LGTBI+ eta feministekin etengabeko komunikazio- eta lankidetza-kanalak mantentzea, eta ekimen bateratuak martxan jartzeko baliabideak erraztea. Era berean, aurreko ekintza horiek guztiak mugimendu horiekin kontrastatu beharko dira.

Herritarrei dei egiten diegu,  mugimendu LGTBI+ eta feministek gure udalerri eta hirietan deitzen dituzten ekintzetan parte har dezaten.

Denontzako askea eta bidezkoa den Euskal Herri baten alde

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!