“Gure benetako jokoa erakusteko gogoagaz berreskuratuko dugu taldea"

Joseba Derteano 2018ko eka. 2a, 10:30

Hurrengo denboraldia historikoa izan daiteke Durangaldeko emakumeen areto-futbolarentzat. Lau talde egon daitezke, inoiz baino gehiago. Durangoko Sasikoari eta Zornotzako Beti Goli talde berri bi gehituko zaizkie, ondo bidean: Durangoko Mendibeltz eta Elorrioko Buskantza. Elorriarrak bueltan dira, iazko etenaldiaren ostean.

Zergatik desagertu zen iaz emakumeen taldea?
Heldu zen une bat motibazioa falta zitzaiguna. Denboraldiak aurrera egin ahala, gero eta jokalari gutxiago geunden eta jarraitu genuenoi aurrera egiteko indarra falta zitzaigun. Hiru jokalari Sasikoa taldera joan ziren eta besteek uztea erabaki zuten, neuk tarteko. Nire ilusioa herriko taldean eta elorriarren aurrean jokatzea zen. Hori barik, gurago utzi.

Areto-futbolaren falta sumatzen duzu?
Asko. Spinning edo horrelako kirolak egin izan ditut, baina ez da berdina. Niretzat beharrizan bat da. Barruan korapilo bat dudanean, bizikletan mugitu barik pedalei eragiteak ez nau lasaitzen. Beste zerbait behar dut. Lagunekin eta taldean egiten den kirola.

Pena eman zizun taldea desagertu zenean?
Pena handia. Horregatik, aurten berreskuratzen saiatu behar nuela esan nion neure buruari. Taldekide izan ginenok berba egin eta berriro elkartzea erabaki genuen. Talde hartako jokalariak batuko gara berriro. Beste berri bi ere bai.

Zer aldatu da iaztik hona?
Barne funtzionamendurako arau batzuk adostu ditugu. Jokalari moduan konpromiso batzuk hartu genituen. Entrenamenduetan eta abar.

Zenbat jokalari zaudete?
Bederatzi bat. Atea zabalik dugu batu gura duten denentzat.

Aurretik esperientzia dutenentzako deialdia da?
Esperientzia dutenentzat zein ez dutenentzat. Herrikoentzat zein herritik kanporakoentzat. Berdin dio. Zenbat eta gehiago, hobeto. Gu irakasteko prest gaude.

Baduzue entrenatzailerik?
Oraindik ez, bila gabiltza. Baditugu izen batzuk buruan. Herriko bat izatea gustatuko litzaiguke. Herria, kluba eta klubeko funtzionamendua ezagutzen dituen norbait. Baina arlo honetan ere atea zabalik dugu eta herritik kanpokoa ere izan daiteke.

Zer helburugaz batuko zarete?
Gure benetako jokoa erakusteko helburuagaz berreskuratuko dugu taldea. Buru-belarri ekiten badiogu, maila ona eskaini dezakegula uste dut. Ikasten jarraitzea gura dugu. Iazko entrenamenduetan gure jarrera ez zen izan onena. Horregatik jarri ditugu arauak. Taldea herrian entzun dadila gura dugu eta jarraikortasun bat izan dezala, ez orain hasi eta bihar amaitu.

Datorren urtean lau talde izan ditzake eskualdeko emakumeen areto-futbolak. Inoiz baino gehiago.
Albiste pozgarria litzateke, benetan. Partidu asko eskualdean jokatuko genituzke, derbiak gainera.

Gizonen taldearen ibilerei jarraitu diezu aurten?
Ikusi izan ditut partiduak. Ezin izan diote mailari eutsi talde indartsuak egon direlako, baina dena eman dute. Profesional aritu dira eta harro gaude euren lanagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!