Durangaldeko hamahiru bertsolari jardungo dira saioan: Eneko Abasolo 'Abarkas', Bittor Altube, Txaber Altube, Miren Amuriza, Iruri Altzerreka, Aitor Bizkarra, Eneko Barruetabeña, Aitor Esteban, Manu Goiogana, Unai Iturriaga, Gorka Pagonabarraga, Ander Sarriugarte eta Beñat Ugartetxea. Ainhoa Urienek eta Amaia Ugaldek emandako gaiekin arituko dira bertsotan. Aurreko lau aldietan bezala, umore ona izango da zapatuko osagai nagusia. Gaztetxearen 30. urteurrena dela-eta, aukera baliatu dute bertan egiteko txapelketa, jai-giroan.
Bertsolariez gainera, zaleek ere edukiko dute protagonismoa, epaimahai ofizialaren faltan euren iritziak erabakiko baitu nork jantziko duen txapalata. Iaz, Mekoletako txapelketan, Miren Amuriza eta Igor Elortza iritsi ziren buruz burukora. Entzuleak izan ziren epaile, baina saiakera bi egin arren, ez zen lortu berdinketa apurtzea. Ondorioz, Josu Zabala musikari eta Mekoletako jai batzordeko kideari eman zioten txapalata. 22:00etan emango diote hasiera saioari.