“Harpa eta honen aitzindaria den kora bihotzaren energia dira; makal zein bizi jo, gozotasuna transmititzen dute”

Aritz Maldonado 2018ko mai. 28a, 16:30

Aitor anaiaren gitarra elektrikoa hartu zuenetik, etengabeko ikasketa prozesu batean murgildu da  Eneko Larrañaga (Zestoa, 1982). Bidaia horretan, hainbat bide musikal urratu ditu. 2007an kora erosi zuen, urtebete lehenago instrumentua deskubritu ostean. Bakarka lehenbizi, taldean ostean, instrumentuan murgiltzen joan da urte hauetan. 'Maitatzea Nahiago' bigarren diskoa kaleratu du Elorrion bizi den zestoarrak.

Zerk bultzatu zintuen kora jotzera?
Ttakunpa taldeagaz nenbilela, 2006an, Gironara (Herrialde Katalanak) joan ginen. Han ikusi eta entzun nuen kora lehenbizikoz. Txundituta geratu nintzen. Gitarragaz nire kabuz egin dut ia guztia, eta kora jotzen moldatuko nintzela ikusten nuenez, bat erosi eta nire kabuz abestiak sortzen eta tradizioa ikertzen hasi nintzen.

Banaka hasi ostean, seikotea da orain 'Enekora'.
2013an nire lehenbiziko lana grabatu nuen, Kora Izpiak; guztia neuk grabatu nuen. Grabaketa zein zuzenekoak intimistak ziren, lasaiak, baina, gerora, taldea osatzeko gogoa izan nuen. Orain seikotea gara eta oso gustura nago. Kantuei bizitasuna eman die aldaketak, eta horren fruitua da bigarren disko hau. Afrikatik beste mundu batzuetara goaz: Kubako Guaguanco erritmoak daude, melodia arabiarrak, erritmika funky eta modernistagoa... Prozesu bat egon da taldea handitzeagaz, eta kantuen alaitasunean igartzen da hori.

Doinu aldaketa nabarmentzen da abestietan.
Musikari moduan, inoiz ez dut mugarik eduki; autodidakta eta inprobisatzailea izan naiz beti. Ez dago gauzak egiteko modu bakarra, eta erritmoak eta doinuak ez dira estilo zehatz batekoak. Nire ustez, sorkuntzan bihotzak agintzen duena egin behar da, sentitzen den eta konbentzitzen zaituen zerbait egin behar da.

Euskaraz abesten duzu.
Zestoarra eta euskalduna izanik, argi nuen. Beste hizkuntza batzuk ere sartzen ditugu abesti batzuetan, baina, azken finean, norberaren hizkuntzagaz lortzen den adierazkortasuna ez da lortzen besteekin. Hala ere, ez dut mugarik. Horrela, gainera, oso kurioso geratzen da jendearentzat, ez delako euskal estilo tipikoa. Jendeak euskara entzuten du, baina ukitu afrikarragaz. Ni oso melodikoa naiz, kantuari forma eman ostean sartzen ditut hitzak. Inprobisazio lanketa bat egiten dut ahotsagaz, jorratzen dugun estilora egokitzen dena; melodia eta silabak horrela sartzen ditut. Estiloaren forma mantentzerakoan, gehiago kostatzen da, baina oso polita geratzen da, estilora gehiago hurbiltzen da eta.

Euskaraz abesten duzu, batez ere. Zeri buruzkoak dira hitzak?
Instrumentu bakoitzak gauza bat transmititzen du. Horrela, perkusio afrikarrak indarra transmititzen du; reggae doinuekin askatasuna adierazten da. Kora harparen amama da, sorrera hortik dator. Harpa bihotzaren energia da; makal edo bizi jo, gozotasuna transmititzen du; horren ondorioz, kantuen tematikak bihotzekoak dira, maitasunezkoak, eskerrak ematekoak. Gai unibertsalak dira.

Musika irakaslea ere bazara.
Hiru urte daramatzat Elorrion bizitzen, eta oso gustura nago. Azpeitian gitarra irakasten nuen aurretik. Pasioagaz egiten dudan beste gauzetako bat da, izan ere, jendeari transmititzea asko gustatzen zait. Bi gauzatxo eginez disfrutatu egiten nuen, eta hirugarrena ikasiz gero, flipatu egiten nuen. Hori transmititu gura dut, bidaia horretan disfrutatu egin behar dela. Gaur egun, kora, gitarra, baxu eta ukelele klaseak ematen ditut.

Ipurtarina izaten jarraitzen duzu, beraz.
Musika pasioz bizi dut, eta egun nire ogibidea ere bada. Ez da erraza, eta gauza ezberdinak egiten jakin behar da. Maisua izatea eta tailerretan aritzea asko gustatzen zait, eta kontzertuak ematea, zer esanik ez.

'Elorriotik Mundura, Mundutik Elorriora' dokumentalaren aurkezpenean jo zenuen. Balio du musikak instrumentu integratzaile legez?
Mugak errealak ez direla erakusten duen adibide bat gara gu. Zestoar  bat, zuria, kora jotzen duena, eta euskaraz eta afrikarrez abesten duena. Harrigarria da nahaste hau, bertakoentzat zein kanpokoentzat. Guztiok harritzen gara, eta mugarik ez dagoela adierazten du. Bakoitzak bere gaitasunak ditu; nirea musika da, eta hori da gizarteari egin diezaiokedan ekarpena. Hori da politena, bakoitzak bere alea eskaintzea gizartea hobetzeko.

Eta hemendik aurrera?
Esperimentatzen jarraituko dut. Bestalde, disko hau zuzenean ahalik eta gehien aurkeztea gustatuko litzaidake. Bideo paisajistikoekin  laguntzen dugu emanaldia, gainera. Hainbat bider jo dugu jada, eta jendeak eskertzen du. Ikusten du mimoz eginda dagoela ikuskizuna. Uztailaren 29an Elorrion joko dugu, Musikaire jaialdiaren baitan

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!