Elorriarren obrak erakusten dituen lehenbiziko erakusketa kolektiboa antolatu du udalak

Aritz Maldonado 2018ko mai. 25a, 11:00

Elorrioko zenbait artistaren lanak ezagutarazteko asmoz, diziplina ezberdinetako lau elorriarren lanak ikusgai daude Iturri kultur etxean. Diziplinetan zein adinean, ezberdintasunak nabariak dira lau artisten artean, eta horrek aberastu egiten du erakusketa.

Ane Amesti da artistarik gazteena. 30 urteko gazteak litografia eta xilografia obrak erakutsiko ditu. Mexikon ikasi zituen teknika hauek; bidaiatzen ari zela, hilabete igaro zuen Oaxacan ikasten. Orain Bilbon ari da teknika horiek garatzen, eta ikasitakoa erakutsi gura izan du erakusketan. "Ondo egongo litzateke Elorrion edo Durangaldean horrelako zerbait egiteko aukera edukitzea", adierazi du Amestik. Nieves Medelak, berriz, urteak daramatza margotzen: olioagaz marrazten du. Eskulan elkarteko lehendakaria da bera, eta mihisean olioagaz eginiko lanak ditu ikusgai Iturrin. Bestalde, Jesus Urrutiak argizariz margotutako artelanak ditu erakusgai.

Eli Villarrek, ostera, ikus-entzunezko obrak jorratzen ditu. Lan bi aurkeztu ditu erakusketa honetan, eta biekin hausnarketa eragin gura du. "Arte garaikidearen klabean egin dut lan. Obra biekin zenbait ikuspunturi buruzko hausnarketa egitera gonbidatzen dut ikuslea", adierazi du elorriarrak.

"Bidea egiten laguntzeko"
Villarren ustetan, erakusketa hau pauso bat izan daiteke etorkizunean jende gehiago animatzeko. "Artista isolatuaren mitoa gainditu behar da, eta artisten sarea josi; Elorrion artista asko dago, eta guztion lanak jendaurrean erakusteko aukera izan dadila hau". Erakusketa kolektibo honen bidez, elorriarren obrak ikusgai egin gura izan ditu udalak. "Herrian modalitate ezberdinetako artistak ditugu, eta beraien lanak erakusteko leku eder bat ere bai, beraz, logikoa iruditzen zitzaigun biak uztartzea. Modu horretan, herriko artistei euren bidea egiten laguntzen diegu", adierazi du Maitane Lopez kultura arloko zinegotziak. Erakusketa maiatzaren 27ra arte egongo da ikusgai, 21:00ak arte.

Jesus Urrutiaren koadernoa, argizariz eginiko marrazkien bilduma

Jesus Urrutia oso pozik dago bere lanak erakusteko aukera duelako. Zaharren egoitzako bere lagunak ere Iturrira joan dira egunotan, eta horrek ere asko poztu du. Urrutiak pintatzen igarotzen du eguna, goiz eta arratsalde, egoitzan duen mahaian. Argizariz eginiko margoekin koadernoak betetzen ditu, eta horietako bat ikusgai dago Iturri kultur etxean. Hain zuzen ere, koadernoa bere osotasunean erakusteak balio erantsia zuela uste zuten antolatzaileek. Elorriarren lanak erakusteko asmoagaz antolatu du udalak erakusketa kolektiboa, eta etorkizunean horrelako gehiago egiteko aukera aztertzen ari dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!