Elizaldeko igerilekuetako itxitura moldatzeko agindua jaso du Elorrioko Udalak

Maialen Zuazubiskar 2018ko mai. 18a, 12:44

Igerilekuak egin zirenean errekatik hesira egon behar zen bost metroko neurria "ez errespetatzearren", jaso dutela agindua jakitera eman du Elorrioko Udalak.

Eleizaldeko igerilekuen itxituraren zati bat moldatzeko beharra izan du Elorrioko Udalak, URAren errekerimendu baten ondorioz. Udalak jakitera eman duenez, itxidurak gutxienez errekatik bost metroko distantzian egon behar du. Hori horrela, behin hesiak mugituta, erreka aldera dagoen belartzak hiru metro galduko ditu.

Hala ere, instalazioen azterketa berri bat egin dutela eta igerilekuen edukiera iazko kopuru berdinean, 1.400 pertsona, mantenduko dela adierazi dute.

Bestalde, EH Bilduko kideek jakitera eman dute igerilekuak 2014an ireki zirela, URA Agentziaren baimenik gabe; baimena, 2015ean iritsi zen udaletxera. "Presa izateak ez du ezertan laguntzen, eta zoritxarrez aurreko legegintzaldian gertatutako beste adibideetako bat da. Badirudi aurreko gobernu taldeari ez zitzaiola interesatzen baimenak heldu arte itxarotea. Beste leku batera begiratu izanak ondorio tekniko eta
ekonomiko ugari eragin dizkio Elorriori”, salatu dute gobernu taldekoek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!