Prozesu parte-hartzaile bidez, Aldapebeitia jauregia biziberritu gura du Elorrioko Udalak

Maialen Zuazubiskar 2018ko mai. 16a, 11:49
Xabier Luque, Idoia Buruaga eta Iruntza de Castro

Aldapebeitia jauregia aldaberritu asmoz prozesu parte-hartzailea jarri du martxan Elorrioko Udalak. Gaur eskeinitako prentsaurrekoan, Idoia Buruaga alkateak, Iruntza de Castro Elorrioko Udaleko parte-hartze teknikariak eta Xabier Luque Aztikerreko kideak jakitera eman dutenez, herritarrek bisitatu dezaten, bost egunez, zabalik egongo da Aldapebeitia.

Duela 10 urtetik hutsik dagoen Aldapebeitia jauregia prozesu parte-hartzaile bidez biziberritu gura du Elorrioko Udalak. Iraganean udaletxe, osasun zentro eta Elorrioko zenbait eragileren egoitza izan zen jauregiari erabilera emateko asmoz jarri dute martxan prozesua. "Aldapebeitia jauregia Elorrioren parte garrantzitsua izan da urte luzez. Orain, ordua da eraikina ahanzturatik atera eta erabilera berri batera bideratzeko", aitortu du Idoia Buruaga alkateak.

1.000 metro koadro inguru dituen eraikina hainbat erabileratarako eskaini daiteke, eta prozesuaren helburu nagusia elorriarrei bertan zer egingo luketen galdetzea dela jakitera eman du udalak. "Aldaketa elorriar guztiekin batera egin gura dugu, amesten dugun Elorrio hori guztion artean eraikitzen jarraitzeko", azaldu du Buruagak. "Herritar guztiei gonbidatzen diegu prozesu honetan parte hartzera, denen proposomenak entzuteko prest gaude eta", adierazi du Xabier Luque Astikerreko kideak.

Jardunaldi irekiak
Maiatzaren 30etik ekainaren 3ra, jardunaldi irekiak egingo dituzte Aldapebeitian. Horrela, herritarrek eraikina barrutik ikusi, jauregiaren ezaugarri estrukturalak ezagutu eta, ostean, euren iritzia emateko aukera izango dute.

Astean zehar elkarteen bisitak 18:00etan hasiko dira, eta herritarrenak, 19:00etan. Asteburuan, berriz, Elorrioko Arrapaladan Antzerki Taldeak lagunduta, bisita gidatuak egingo dituzte, 12:30ean eta 19:00etan; bisita gidatuak antzezlan bategaz lagunko dituzte. Horrez gain, maiatzaren 30etik ekainaren 3ra 17:30etatik 20:00etara ere Aldapebeitia zabalik egongo da.

Bestalde, herriko sei puntutan (udaletxean, kiroldegian, Iturri Kultur Etxean, Kirol Etxean, osasun zentroan eta Aldatsekuan) jarriko diren postontzietan zein www.elorrio.eus webgunean, herritarrek euren  proposamenak utzi ahalko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!