“Burgosko Itzulian dena biribil irten zaigu, espero genuena baino hobeto”

Joseba Derteano 2018ko mai. 4a, 13:15

Sopela Team taldeagaz dabilenetik, aurreneko garaipena lortu du txirrindulari elorriarrak.

Zelan joan zen lasterketa?
Zirkuitu bati hiru itzuli eman behar genizkion. Bigarrenean, mendate bat igo ostetxoan, aurrera egin nuen beheranzkoan. Ondoren, Enara Lopez taldekidea eta Bizkaia-Durangoko Colborne batu zitzaizkidan, eta azken itzulia elkarregaz egin genuen. Azken txanpan banekien Colborneren gurpila zaindu behar nuela. Helmugara orduko aldapan eutsi egin nion eta azken metroak aproposagoak ziren niretzat, apur bat beherantza zelako. Gogor jo eta irabazi egin nuen.

Zure taldearentzat ere ezin hobea izan da Burgosko Itzulia.
Bai. Hiru etapa garaipen, sailkapen nagusia eta taldekako sailkapena irabazi ditugu. Lehenengo etaparen ostean lider jarri nintzen, baina banekien itzuli gogorra zela, ez niretzako modukoa, eta taldekideentzat lan egin beharko nuela. Bigarren etapan, neukan dena eman nuen laguntzeko eta etapa irabazi genuen, baina liderraren elastikoa Bizkaia Durango-Murias Team taldeko batek jantzi zuen. Beraz, hirugarren egunean, etapa garaipenaren bila baino, sailkapen nagusiaren bila irten ginen. Hasieran, Sara Martin zen gura aukera nagusia. Hiru taldekidek aurrera egin zuten eta, ondoren, Martinek gugaz bat egitea zen plana. Baina aurrekoak aldea handitzen joan ziren eta hirurak helmugara heldu ziren. Etapako hiru aurreneko postuak eta Bea Gomezegaz sailkapen nagusia irabazi genituen. Dena biribil irten zitzaigun, espero genuena baino hobeto.

Pistan jarraituko duzu?
Bai, aukera dudan artean bietan jarraituko dut. Errepidea asko gustatzen zait, baina atzera begiratu eta nire ibilbidea errepasatzen badugu, helbururik handienak pistara begirakoak izan dira. Laster hasiko dira txapelketak. Aurten zail izango dut, ez naizelako 23 urtez azpikoa izango, baina saiatu, behinik behin, saiatuko gara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!