Herriko memoria historikoa lantzeko eta ezagutzera emateko Elorrion sortu berri den Laumunarrieta elkarteak eta Elorrioko Udalak ikerketa beka kaleratu dute. Azterketa honen helburua 1936-1946 urteen tartean Elorrion izaniko gertaerak eta errepresio sozial, politiko, kultural zein ekonomikoa aztertzea da. Beka eskuratzeko interesdunek ekainaren 15era arte eman dezakete izena. Dokumentazio guztia Elorrioko Iturri Kultur Etxera bidali beharko dute, postaz edo eskuz, Laumunarrieta 1937 Elkartearen izenean. Elorrioko bonbardaketak zein Intxortako frontearen zabalkundeak herrian izan zuten eragina eta ondorioak aztertuko dituzte, besteak beste.
Beka eskuratzen duenak 4.000 euro jasoko ditu, epe bitan ordainduko dena. Bekaren iraupena lau hilabetekoa izango da (luzagarria).