“Izugarria litzateke eskoletako jantokietan kontsumo aldaketa bat izatea eta tokiko ekoizpena bultzatzea”

Maialen Zuazubiskar 2018ko mar. 26a, 11:50

Elorrixa Ekologi elkartea 1984az geroztik dabil lanean Elorrion.Martxoaren hasieran, elkarteko kideek beste pauso bat eman zuten, eta herritarrei ‘Tipi-Tapa Bagoaz! Bizimodu jasangarrietarantz’ manifestua aurkeztu zieten. Manifestuaren inguruan Elorrixako kidea den Agustin Garcia Morenogaz (Elorrio, 1961) hitz egin du ANBOTOk.

‘Tipi-Tapa Bagoaz! Bizimodu jasangarrietarantz’ manifestua aurkeztu berri duzue. Zer da horren helburua?
Manifestuaren helburu nagusia herritarrek dituzten kontsumo ohituren inguruan hausnartzea izan da. Manifestuak lau ardatz nagusi ditu  gogoeta hori bultzatzeko: pertsonen zaintza bizitzaren jasangarritasunaren mugarri, elikagai subiranotasuna, desazkunde energetikoa, eta ongizatearen eta bizitzaren jasangarritasunaren zerbitzurako ekonomia.

Manifestu honen bitartez, zer proposatu gura diezue elorriarrei?
Elorrion aurkeztu genuen manifestuak bakoitzak bere esparru politiko eta sozialetik jasangarritasunaren bidean aldaketak egitea proposatzen dio herritar bakoitzari.

Elorrixa Elkartea 1984az geroztik dabil lanean. Ordutik hona, jasangarritasuna hobetu egin da Elorrion?
Urte hauetan guztietan detaile txiki batzuk ikusi ditugu herrian. Esaterako, gaur egun kontsumo talde bat dago Elorrion eta hori garrantzitsua da. Bestalde, herrian badaude ekoizleak, eta esan dezakegu ekimen horiek guztiak ezinbestekoak direla gizarte jasangarri, justu eta ekitatibo bat lortzeko.

Hemendik aurrera, zer norabideri jarraituko diozue?
Produktuen kalitatea eta osasuna hobeak izateko eta bertako kontsumoa bultzatzeko lan egingo dugu. Horrez gain, guretzat izugarria litzateke eskoletako jantokietan kontsumo aldaketa bat izatea, eta horregaz batera tokiko ekoizpen autonomoak bultzatzea eta eredu agroekologikoetarako trantsizioa sustatu ahal izatea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!