Martxoak 31

Laumunarrieta, memoria historikoa deshobiratu gura duen elkartea

Maialen Zuazubiskar 2018ko mar. 21a, 09:06

Atzo aurkeztu zuten Elorrioko memoria historikoa lantzen dabilen Laumunarrieta elkartea. 

1937ko martxoaren 31an, goizeko 8:30ak inguruan, Durangorekin batera italiarrek Elorrio bonbardatu zuten. Orain urte gutxira arte Elorrioko bonbardaketaren inguruan ezer gutxi jakin izan den arren, hainbat elorriar memoria historikoa deshobiratu eta plazaratu asmoz lanean dabiltza. "Iaz 80 urte bete ziren Elorrio bonbardatu zutela, eta memoria historikoa berreskuratu asmoz zerbait egin behar genuela erabaki genuen elorriar batzuk", esan du Jesus Aristegik. Bestalde, Idoia Buruaga elorrioko alkateak etorkizunera begiratzeko iragana ezagutzea beharrezkoa dela adierazi zuen, eta memoria historikoa landu asmoz lanean dabiltzan Laumunarrieta elkateko kideei eskerrak eman zizkien.

Iaz, esaterako, martxoaren 31a gogoratzeko ekitaldi sorta antolatu zuten, eta aurten ere bide beretik jarraitu dute Laumunarrieta elkartekoek. Memoriaren Asteari atzo eman zioten hasiera Roman Berriozabalen berbaldi bategaz. Martxoaren 22an Iñaki Egañak hitzaldia emango du Iturri Kultur Etxean eta 22an zein 23an ikastetxeetan saioak emango ditu Jon Ander Ramos historialari durangarrak.

Barikuan, berriz, 1937ko martxoaren 31ko bonbardaketak utzitako aztarnak ezagutuko aukera izango dute elorriarrek eta zapatuan Intxortako frontera bisita egingo dute. Elkarteko kideek, Memoria Astean parte hartzeko deia egin zieten herritarrei eta gura dutenentzat elkarteko ateak zabalik daudela jakitera eman zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!