Zelan joan zen Urretxuko txapelketa?
Zazpi partida jokatu nituen finalera heldu aurretik. Ligaxkako partida bat eta finalerdietakoa berdindu egin nituen. Finalerdietakoan berdinketa hausteko jokatu genuen, ordubeteko partida barik, 15 minutukoa. Denbora gutxian hartu behar dira erabakiak eta batzuetan ez da asmatzen. Partida amaitu genuenean, joko-denborako 20 segundo bakarrik geratzen zitzaizkidan.
Finalean iazko txapelduna menderatu zenuen. Non egon zen gakoa?
Berak amu bat jarri zidan, baina laster sumatu nuen tranpa, eta kontraeraso bategaz abantaila hartu nion. Hor egon zen gakoa.
Zu baino adin askoz nagusiagoko aurkarien kontra aritzeak errespetua sortzen dizu?
Egia esanda, ni baino nagusiagoak direnen kontra jokatzen ohituta nago eta ez dit beldurrik ematen.
Espainiako txapelketetan hainbat bider izan zara. Benjaminetan hirugarren geratu izan zara eta kimuetan bederatzigarren. Zelako esperientziak dira?
Lehenengo urtean errespetua sortzen du, baina gero ohitu egiten zara. Asko gustatzen zaizkit lagun berriak egiten dituzulako eta giro ona egoten delako.
Nori eskaintzen diozu Urretxuko txapela?
Fernando Bengoetxea Moralesi. Gaixotasun batek eraginda hil zen. Ziur naiz dagoen tokian dagoela lagundu egiten didala partidetan. Nafarroako Mikel Gurea taldean jokatzen hasi nintzenean ezagutu nuen. Espainiako lehenengo txapelketara beragaz joan nintzen eta oso ondo konpontzen ginen.
Zeintzuk dira hurrengo erronkak?
Aste Santuan kadete mailako Euskadiko txapelketan arituko naiz. Bizkaikoan bigarren izan nintzen.