“Orokorrean, jende aurrean pintxatu izan dudanean, esperientzia ona izan da”

Aritz Maldonado 2018ko mar. 7a, 12:30

Denetariko estiloak jorratu ostean, doinu elektronikoak nagusi dituen EP bat kaleratu du, berriki, Jkin Alonso izen artistikoaren atzean dagoen Jokin Alonsok. Elorrioko bandatik, Namek Planet eta Ayatollahko doinu rockeroetara, eta orain, elektronikoetara egin du jauzia.

Nondik datorkizu elektronikarako zaletasuna?
Betidanik rock edo metal doinuak izan ditut gustukoen, baina musika elektronikoa entzutean konturatu nintzen horrelako soinuak nik sorturikoekin nahastu ahal nituela. Pintxatzeko platoak eta mahai bat lortu eta abestiak jartzeko moduak esploratzen hasi nintzen.

Aurretik, formakuntza klasikoa jasotakoa zara.
Elorrioko musika eskolan hasi nuen formakuntza klasikoa, ia haur bat nintzela. Klarinete eta solfeo eskolak hartu nituen, batez ere. Bertako prestaketari esker, koralean sartu nintzen, baina gogorregia egin zitzaidan DBHko ikasketekin uztartzea.

Jaso duzu formakuntzarik doinu elektronikoetarako?
Nire kabuz hasi nintzen musika elektronikoa ekoizten. Hasiera batean, Bartzelonara joatea nuen buruan, baina lagun batek Madrilgo Carlos Koschitzkyrengana jotzea gomendatu zidan, eta hara joan nintzen egun batzuk igarotzera. Ostean, Berlinen ikastaro bat egin nuen eta han ere asko ikasi nuen; eta, gainera, bertako musika eszena bereziaz disfrutatu nuen. Orain ez dut buruan inora joaterik; internetetik, liburuetatik eta lagunengandik ikasten jarraitzen nabil.

Naturala egin zaizu klasikotik rockerako eta elektronikorako bidea? Zein fasetan daude Namek Planet eta Ayatollah?
Bide hauetan murgildu izana oso positiboa izan da, bai pertsonalki eta baita musikalki ere. Mundu horiek ekarpen handia egin didate; ondo egindakoetatik eta hanka-sartzeetatik ikasi dut. Egun Namek Planet eta Ayatollah geldi daude, eta nirean nabil buru-belarri.

Zuzenekoak prestatzen ari zara, ezta?
Bi zuzeneko mota ezberdin prestatzen ari naiz. Batetik, DJ saioak; hau da, hainbat abestiren nahasketan oinarritzen den zuzeneko luzea. Bestetik, ordenagailuagaz eta soinu mahaiagaz, gitarra elektrikoagaz eta beste gailu batzuekin prestatzen ari naizen zuzeneko laburragoa.

Zer nahiago duzu, zuzenean pintxatu ala estudioan edo etxean aritu?
Orokorrean, jende aurrean pintxatu dudanean, esperientzia oso onak izan dira, eta etengabe ikasten ari naiz. Musika jartzean asko disfrutatzen dut, izan niretzat edo izan besteentzat. Etxean edo lokalean pintxatzean, teknika eta nahasketa berriak praktikatzen ditut. Etxetik kanpo gutxiago inprobisatzen dut. Hala ere, jendearen berotasunak asko laguntzen du.

Gaztetxeetan sarri egon zara pintxatzen. Badago zaletasunik doinu elektronikoetarako?
Itzela da gaztetxeek aurrera daramaten eredu alternatiboa; eskertzekoa da horrelako tokietako elkarlana, nire kasuan jotzeko, disfrutatzeko eta ikasteko aukera izan dut eta. Musikari dagokionez, musika elektronikoa abiadura handiko abesti errepikakorrekin lotzen du jende askok, baina hori genero bakarra da elektronikaren baitan. Orokorrean, gaztetxeetan gehiago entzuten dira metal, punk edo Oi! doinuak, baina gero eta musika elektroniko gehiago entzuten ari da gure inguruan.

‘Blood, Sweat and Tears’ Bedroom Deep diskoetxeagaz publikatu du

Blood, Sweat and Tears laneko abestiak Bedroom Deep diskoetxeagaz publikatu ditu Jkin Alonsok. Sortzailearen berbetan, Joy singleak erritmoa eta melodia uztartzen ditu, 124 BPMtan. “Ez ditut abestiak estilo bakarrean etiketatzen, baina kasu honetan horrela definituko nituzke”, azaldu du Alonsok. EPa osatzen dituen abestiak ekoiztu eta gero, Carlos Kochitzkyk masterizatu zituen. “Ez dut nire estiloa horretara mugatuko; izan ere, etorkizunean beste motatako abestiak egingo ditut”, gaineratu du. Ostean, zenbait diskoetxetara bidali eta gero, Bedroom diskoetxeagaz digitalki publikatzeko aukera irten zitzaion elorriarrari. Orain, beatport.com webgunean deskargatzeko aukera ere badago.

Inspiratzeko orduan, ia egunero musika ezberdina kontsumitzen dabil Jkin Alonso. “Ia egunero talde berrien musika entzuten nabil, sortutako playlist-etatik, irratian edo podcastetan, hainbat diskoetxetakoak. Nazioarteko artistek ez ezik, bertakoek ere eragiten diote Alonsori. Adibide legez, Piek eta El_Txef_A aipatu ditu, bakar batzuk aukeratzea ia ezinezkoa egiten zaiola onartzen duen arren. “Gertu artista erraldoiak ditugu!”, nabarmendu du elorriarrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!