Elorrioko gobernu taldeko emakumeok ere planto!

Elorrioko gobernu taldeko emakumeok ere planto!

Martxoaren 8an, Euskal Herriko Mugimendu Feministak eta hainbat eragile sozial, ekonomiko zein politikok bat egingo dugu “EMAKUMEAK PLANTO”   aldarrikapenarekin. Zergatik?

· Eredu ekonomiko honek zapaltzen gaituelako:
- Europan emakumeok astero 26 orduz ordaindu gabeko lanak egiten ditugu (gizonek, berriz, bederatzi).
- Lanaldi bikoitzak/hirukoitzak gure gain, gizonak eta Estatuak ez direlako zaintzaz arduratzen.
- Hego Euskal Herrian gizonek baino %35,6 gutxiago kobratzen dugu.
- Lan prekarietate handiagoa jasaten dugu, pentsio baxuagoak, asko lan erregimen orokorretik kanpo gaude, lan eskubiderik gabe (etxe barruko langileak…) .
- Jendartean ‘amatasuna’ goraipatzen da; lan merkatuan, zigortu.
· Indarkeria matxistak jipoitzen gaituelako:
- Euskal Herrian eraildako emakume guztiak falta zaizkigu.
- Nazkatuta gaude kaleko jazarpenaz eta sexu erasoez, alor intimoko kontrolaz, xantaiaz eta zapalkuntza pairatzeaz…
· Kultura patriarkarrak baztertu, objektu bihurtu eta estereotipatzen gaituelako:
- Historia, Literatura eta Zientzia liburuetatik ezabatu gaituzte.
- Hedabideek, publizitateak eta sareak objektu sexualtzat gaituzte, kontsumituak izateko prest.

Greba eginez emakumeon egoera salatu eta sistema eraldatzen hasteko ordua dela aldarrikatuko dugu. Arrazoi asko daudelako, Elorrioko Udaleko gobernu taldeko emakumeok Emakumeen Nazioarteko Grebarekin bat egitea erabaki dugu. Emakumeak gelditzen bagara, mundua geldituko delako. GUK PLANTO!
Idoia Buruaga, Aratxu Uriarte eta Maitane Lopez (Elorrioko EH Bilduko gobernu taldeko kideak)