“Aldapan behera ziztu bizian jaisteak sortzen didan sentsazio hori asko gustatzen zait”

Aitziber Basauri 2018ko ots. 28a, 09:00

Eskiak sortzen dion pareko zirrara sortzen dio teknologiak Lander Gallastegiri. Pasioz bizi ditu biak. Ikusmen-desgaitasuna du eta, bederatzi hilabete zituenetik, Itsuen Baliabidetegiaren laguntza du, arlo akademikoan zein sozialean sortu daitekezkeen oztopoei aurre egiteko. Orain, apirilean jokatuko den eski egokituko Espainiako Txapelketa du erronka. Eva Muñoa amagaz etorri da hitzordura.

Nola hasi zinen eskiatzen?
Lau urte nituela hasi nintzen, Cerler-eko eski gunean (Aragoi), eta gustua hartu nion. Eski egokitua egiten zuen irakasle bategaz ibili nintzen bizpahiru urtean. Gero, familia guztia joan gara eskiatzera. Ez dut oroitzapen askorik, baina ez zitzaidan bereziki gogorra egin.

Ikusmen-desgaitasunak trabarik eragin dizu eskiatzerako orduan?
Ez, ez dit traba handirik eragin. Normaltasun baten barruan, nire normaltasunaren barruan ikasi dut eskiatzen. Ezkerreko begitik ez dut ikusten, baina eskumako begitik ikusten dut zerbait, ehuneko txikian bada ere. Horrek autonomia handia ematen dit. Eskiatzeko, aurretik doan gidariari jarraitzen diot; konfiantza osoa dut berarengan; hala ere, izotzagaz kontu handia izan behar dut. Eskiatzeaz gain, igeri ere egiten dut, eta atletismoan ere aritu naiz inoiz, leihatu ez arren. Pilota erabiltzen den kiroletan aritzea ez da erraza niretzat.  Pilota erabiltzea edo mugimendu azkarrei jarraitzea zaila egiten zait. Hala ere, kirol horiek ez naute batere erakartzen, ez zaizkit gustatzen.

Gaztetxotan hasi zinen leihatzen eski txapelketetan.
Leihatzen, 12 urtegaz hasi nintzen. Haur-kategorian Espainiako bi txapelketa irabazi ditut; 20016an, berriz, gazte mailara igo aurretiko urtean, ez zen txapelketarik antolatu. Berez-berez sortu zen leihatzeko aukera, kirol guztietan moduan.

Iaz igo zinen gazte mailara, eta eski egokituko Espainiako Txapelketan urrea eta zilarra lortu zenituen.
Ez nuen espero. Haur-kategoriatik gazteen mailara igo berria nintzen eta beste eskiatzaile batek irabaziko zuela uste nuen, ni baino nagusiago batek; baina jausi egin zen. Sinestezina iruditu zitzaidan urrea irabaztea. Zilarrezko bi espero nituen.

Aurten ere errepikatuko duzu?
Ahaleginduko naiz. Irabazi egin gura dut. Apirilaren 2an eta 3an izango da Espainiako Txapelketa aurten, Baqueira Bereten (Herrialde Katalanak).  Aurretik, FEDC Kopa jokatzen da, Espainiako Txapelketarako sailkapena. Madrilen eta Baqueira Bereten jokatu da. Madrilera ezin izan nintzen joan, baina Baqueira Bereten irabazi egin nuen, urtarrilean. Ozta-ozta irabazi nuen.

Nola prestatzen zara?
Gehienetan familiagaz eskiatzen dut. Hala ere, duela urte bi sortutako Ski Denok taldeagaz ere entrenatzen naiz. Asteburuko eta egun bateko irteerak egiten ditugu.

Andrea Garcia gidariagaz leihatzen zara. Zein da bere lana?
Nire aurretik joan, eta berak gidatu behar nau. Bide zuzenetik eraman behar nau, izotza ekidinez. Harreman ona dugu, eta bide onetik eramaten nau. Eskerrak! Konfiantza osoa izan behar dut aurrean daramadan pertsonarengan. Gidariak eta eskiatzaileak elkar ezagutu behar dute, eta harreman estua sortzen da. Konexio hori sortu behar da. Eskiatzen dudanean nire gidaria da. Ondo hartzen dugu elkar.

Zein sentsazio sortzen dizu eskiak?
Gustatzen zait eskiatzea. Hori baino ez dut egin gura eskiatzen ari naizenean; nekatu artean jarduten dut. Elorriora etorri eta aste pare batera berriro sortzen zait eskiatzeko gogoa. Ziztu bizian jaistea gustatzen zait. Orduko 92 kilometroko abiaduran jaitsi izan naiz eta aldapan behera ziztu bizian jaisteak sortzen didan sentsazio hori asko gustatzen zait. Gozatu egiten dut eskiatzen dudanean. Asko gustatzen zait Ski Denok taldean jarduteak, elkarregaz egoteak, eta sortzen den giroa.

Eskiatzeaz gain, saxofoia ere jotzen duzu. Nola moldatzen zara?
Ondo! Entzumen oso ona daukat eta nahiko ondo moldatzen naiz. Erraztasuna daukat abesti bat ateratzeko eta hori jotzeko. Astean birritan taldean jotzen dut, eta kontzertuak ere eskaintzen ditugu.

Teknologia zale amorratua ere bazara.
Bai, piloa gustatzen zait. Hamar ordu egin ditzaket ordenagailuaren aurrean, eta ez naiz nekatzen. Teknologiagaz lotuta dagoen guztia gustatzen zait. Arlo horretan ikertzea gustatzen zait.

Zeintzuk dira zure erronkak?
Eskiari dagokionez, aurtengo eski egokituko Espainiako Txapelketa irabazi gura dut; horixe dut orain erronka nagusia. Aurten bukatuko dut Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, eta etorkizunari begira informatika arloan jardun gura nuke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!