“Bilbotik, Donostiatik, Iruñetik eta Gasteiztik datoz gehienak, baina, tartean, eskualdeko ordezkari batzuk ere egongo dira”, azaldu du Aitor Iriarte Lobok. Funky, house, hip hop, break dance... hiri-dantzen estilo guztiek dute lekua Arriolan egingo den lehiaketan. Gazteei eta amateur mailako dantzariei zuzenduta dago, batez ere. Talde lana bultzatu gura dute parte-hartzaileen artean; 2-6 gaztek osatu ohi dituzte taldeak. Horrez gainera, bestelako irizpideak hartuko dituzte kontuan baloraziorako. “Originaltasuna, sormena, koreografiak burutzeko trebezia eta musika sinkronia ere hartzen dira kontuan lehiaketarako”, azaldu du Lobok.
Hiri-dantzen lehiaketa izateaz gainera, Akadantz erakusleiho bat ere bada. “Diziplina hauek entsegu ordu asko eskatzen dute; sarri, modu autodidaktan. Beraz, hiri-dantzarekiko zaletasun bera duten gazte askorentzako topalekua da”, adierazi du.
Hiru saio egingo dira zapatuan: 13:00etan, 16:00etan eta 19:00etan. Sarrera guztiak salduta daude, eta, beraz, giroa pil-pilean egongo da.
Break On Stagera bidean
Elorrioko Akadantz jaialdia Break On Stage 2018rako kanporaketa ere bada. Guztira, lau parte-hartzailek lortuko dute jaialdi entzutetsuan parte hartzeko txartela. Maila Absolutuko bik eta Kids mailako beste bik. Aretxabaletan izango da beste kanporaketa, martxoaren 3an. Kale kulturaren erreferentziazko jaialdia da Break On Stage. Aurten, 19. edizioa izango du, eta lehenbizikoz Derion (Bizkaia) egingo da, apirilaren 21ean. Azkeneko bost urteetan Bilboko Arenan izan da, eta goia jo duela iritzita, jaialdia lekualdatzea erabaki dute antolatzaileek. “Jaialdia birsortzeko erronka berria da”, diote antolatzaileek. “Kaleko artistak dira jaialdiko benetako protagonistak, eta gure asmoa kalean sortzen diren diziplinak babestea da”, adierazi dute. Derioko kiroldegiak zenbait azpiegitura eskaintzen ditu antolatzaileen berbetan, kale dantzak, musika eta kaleko eta muturreko kirol eskaintza handitzeko. Break On Stage Elorrion jaio zen, eta egun Europako jaialdi erreferentea da.