Krisi ekonomikoaren eraginez, baina, azkeneko hiru hamarkadetan sortu dituzten ohitura txikiak, kontsumo ohiturak eta xedeak desagertu egin dira. Ordura arteko bizimodua kinka larrian geratzen zaie, izan ere, erdi mailako klasea delakoa atzean uztea oso kontzeptu zaila da. Abiapuntu horregaz, Alberto San Juan eta Marta Calvó zorigaiztoko bikote horren azalean sartuko dira. Bikotearen eta beste hamaika pertsonaiaren paperean ere bai. Hain zuzen ere, antzerkia 80 minutuko elkarrizketa bat da, bi protagonisten artekoa. Gainera, ez dute ez jantzirik ez eszenatokirik aldatzen obra osoan. Frankismoan, trantsizioan eta honen ostean botere ekonomia zuzendu duten pertsonaien azalean sartuko dira bi aktoreak; horrela, Calvó eta San Juan Emilio Botín, Esther Koplowitz, Franco, Adolfo Suarez, Aznar eta Ibex-35 bera izango dira, besteak beste, Arriolako oholtza gainean.
Antzerki konpainiaren arabera, Naomi Klein kazetariaren The Shock Doctrine liburua izan du iturri Alberto San Juanek obra idazteko.
Auzoko konpainia
Barrio proiektuaren jarduna guztiz politikoa dela babesten dute bertako kideek. Aldaketa politikoa herri mugimenduagaz eta antzerkiaren bidez gauzatuko dela uste dute gainera. Politika egiteko dituzten baliabideak, ostera, kultura eta jaia direla defendatzen dute. “Sistemak miseriagaz eta depresioagaz kolpatzen gaitu. Guk poztasunagaz erantzun gura diogu, edertasunagaz. Umorerik gabeko iraultza kondenatuta dago, eta aspergarria litzateke, gainera”, adierazi dute. Bihar 20:30ean hasiko da antzezlana Arriolan.