“Espainiako Txapelketarako gogotsu nago; nire helburua ondo pasatu eta esperientzia bizitzea da”

Maialen Zuazubiskar 2018ko ots. 22a, 11:30

Boxeoan Muay Thay —Thailandian jokatzen den boxeo mota— modalitatean urtebete besterik ez daraman arren, dagoeneko Euskadiko Txapelketa irabaztea lortu du Marta Camara Fernandezek (Elorrio, 2000).  “Gogo handiagaz joan nintzen txapelketara, eta poz itzela hartu nuen irabaztea lortu nuenean”, adierazi du  Camarak.

Joan zen asteburuan lehen aldiz igo zen ring batera elorriar gaztea. Orain arte, tatamian aritu izan da; bere kirol ibilbidean tatamiko hiru txapelketatan hartu du parte. “Ilusio handia egiten zidan ring batean aritzea. Hala ere, lehian zaudenean ez zara konturatzen tatamian edo ringean zauden”, aitortu du Camarak.
Ringean jokatutako lehen txapelketan “oso gustura” sentitu zela adierazi du Indar XSport taldekoak.

Espainiako Txapelketan
Euskadiko Txapelketan etorkizun handiko boxeolaria dela erakutsi zuen elorriarrak, eta bertan lortutako garaipenari esker, martxoaren 9tik 11ra bitartean jokatuko den Espainiako Txapelketan egongo da. “Espainiako Txapelketarako gogotsu nago; nire helburu nagusia ondo pasatu eta esperientzia bizitzea da”, esan du. Garaipenerako bidea zein den badakiela, eta txapelketara bitartean “gogor” lan egingo duela jakinarazi du boxeolari elorriarrak.

Astean hiru bider entrenatzen da Marta Camara. Elorrion Dani Nuñez entrenatzaileagaz aritzen da, eta Durangon Laureano Laragaz. “Irrikan egoten naiz entrenatzera joateko, asko gustatzen zait-eta Muay Thayan aritzea”, jarraitu du.

Bizitza aldaketa
Bestalde, Thailandian jokatzen den boxeo mota honetan kasualitatez hasi zela aitortu du Camarak. “Elorrion ate irekiak egingo zituztela ikusi nuen, eta joateko aukerarik izan ez nuen arren, egun batean probatzera joatea erabaki nuen. Harrezkero, guztiz harrapatuta nago”. Gainera, arazoak dituenean, Muay Thayak horiek nola konpondu erakutsi diola aitortu du, eta bizitza aldatu diola. “Muay Thaian hasteak asko lagundu dit; bizitza aldatu dit nolabait esatearren. Jende asko ezagutu dut eta arazoen aurrean nola jokatu ikasi dut”, jarraitu du.

Bestalde, hurrengo ate irekietan parte hartzeko gonbita egin die elorriarrei eta interesa dutenei. “Ate irekiek kirola barrutik ezagutzeko aukera ematen dute, eta ez dago hori baino gauza hoberik”, bukatu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!