Hiru ibilbideren artean aukeratu daiteke Elorrioko mendi bizikleta martxan

Joseba Derteano 2018ko ots. 20a, 10:30

Nagusientzako 36 eta 24 kilometroko ibilbide bana eta gaztetxoentzako 12 kilometroko beste bat antolatuko dituzte domeka honetan.

Elorrioko Txirrindularitza Elkarteak 19. Mendi Bizikleta Ibilaldia antolatuko du datorren domekan. Hiru martxak 10:00etan hasiko dira, plazan. 36 kilometrokoa da hiruretan gogorrena, 1.171 metroko desnibel positiboagaz. Kanpazarretik, Besaidetik eta Teilamenditik ibiliko dira. Besaiderako bidea pista eta bidezidor berrietatik egingo dutela jakinarazi dute. 24 kilometroko ibilbidea samurragoa da, 702 metroko desnibel positiboagaz. Kasu honetan, zuzenean joango dira Besaidera, Kanpazarretik igaro gabe.

Ibilbiderik laburrena  8 eta 14 urte arteko gaztetxoei bideratuta dago. Apataraino nagusiekin joango dira. Ondoren, saihesbide ondotik Gazteluara doan pista hartuko dute, handik berriro Elorriora jaisteko. 90 metroko desnibel positiboa du ibilbideak.

Izen ematea www.kirol.probak.com webgunean edo egunean bertan egin daiteke, proba hasi baino ordubete lehenagotik. 16 urtera artekoentzat doakoa da, federatuentzat 7 euro eta federatu gabekoentzat 15 euro.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!