“Aiten presentzia asko handitu da kontsultetan; lehen futbolera eramateko orduan ohartzen ziren umea zutela”

Aitziber Basauri 2018ko ots. 18a, 11:50

Ia 30 urtean Elorrioko pediatria taldeko kide izan ondoren, bizitzaren etapa berri batean murgilduta bizi dira Sara Egidazu eta Itziar Eguren. “Bizitzak aurrera darrai eta beste era batera bizitzeko sasoia bizi dugu”, nabarmendu dute. Osasun zentroan emakume bakarrak izan ziren hasierako urte haietan, eta ez zela erraza izan aitortu dute. Medikuntzan aldaketa garaia bizi izan zuten. Orain, patxadaz bizitzeko aukera aldarrikatzen dute.

Durangaldeko Amankomunazgoak antolatutako ikastaro baten haritik, eskualdeko hainbat jubilatuk ‘Before I die’ dinamika abiatu zuten urtarrilean, hil aurretik zer egin hausnartzeko. Tartean izan zara zu ere, Sara. Ez dugu hausnarketa hori egiten?
Sara Egidazu.: Lanean oso murgilduta bizi dugu bizitzaren hasiera, baina oso gutxi landu da amaiera. Proiektu txiki bat izan da; izan ere,  lan asko dago egiteko, bizitzaren amaieraz natural hitz egiteko...
Itziar Eguren: Osasun arloan ere konpondu gabeko arazoa da bizitzaren amaiera, nahiz eta lan asko egin den.
S.E.: Bai. Osatzeko trebatu gaituzte osasun langileak, baina ez gaituzte prestatu hori lortu ezin denerako. Langilearen esku dago neurri handi batean hori, eta bakoitzak era batera egiten dio aurre bizitzaren amaierari.

Zer egin gura duzue zuek?
S.E.: Patxadaz bizi. Aktiboki zahartzeko beharra dagoen sentsazioa dut, eta lasai egoteko eskubidea dugu. Gura dudan horretan inplikatu naiteke, baina ez dut egun osoa inplikatuta egon beharrik. Kozinatzeko, lagunak mimatzeko... aukera aldarrikatzen  dut.
I.E.: Lasai bizi, eta, ahal bada, nahigabe edo estropezurik gabe. Ez gaude inora joatera behartuta, hau eta bestea egitera derrigortuta... Askotan estresatuta!

Itziar, 10 urtegaz txistua jotzen hasi zinen. Utziko diozu horri inoiz?
I.E.: Ez! Putz egin ezin dudanean, igual. Maiatzean Betsaide dantza taldearen 50. urteurrena ospatuko dugu, eta Elorrioko txistulari guztiak animatu gura ditut txistua armairutik atera eta pieza pare bat jotzera.

Elorrioko pediatria taldea osatu duzue biok ia 30 urtean.
S. E.: Bai. Hasieran emakume bakarrak ginen, eta ohikoak ziren ‘abade jauna’ eta ‘mediku jauna’ lakoak, baina feminizatzen den guztiak balioa galtzen du… nik hala bizi izan nuen. Hasiera ez zen erraza izan, andrea nintzelako, eta bertakoa.
I.E.: Orduan hasi ginen ere katarrorako antibiotikorik ez ematen, behar ez bazen erradiografiarik ez egiten... Aldaketa izan zen.

Asko aldatu da pediatria?
S. E.: Bai. Historia klinikoekin hasi ginen, mediku-gai hutsak ez zirenak apuntatzen, umeari zuzentzen... Orain beste muturrean gaude. Fidakor zetozen lehen gurasoak; azken urteetan, aldiz, medikuari edo erizainari azterketa egitera datoz batzuk. Informazio asko, bai, baina gurasoek ez dute formakuntzarik, eta horretan laguntzaile onak izan gaitezke pediatrak. Aiten presentzia ere asko handitu da kontsultetan urte hauetan; lehen futbolera eramateko orduan ohartzen ziren umea zutela. Orain, erantzukidetasun gehiago ikusten da, zaintzan gehiago jarduten dute, bihozberagoak dira umeekin...

Gurasoen kezkak berdinak dira?
S.E.: Prebentzioa, elikadura... asko dira ardurak. Baina, orain, galderak gehiago dira arlo psikosomatikokoak (jarrera arazoak, eskolako arazoak...). Asko gehitu dira mota horretako galderak.

Umeekin lan egitea zaila da?
I. E.: Ez! Beti izan dut argi gauza bat: onera baliteke ezer ez lortzea, baina txarrera seguru ezetz.

Izango duzue pasarteren bat gogoan.
I. E.: Ume bati odola atera behar nion, baina ez zioten ezer esan. Konturatzean, ihes irten zen. Gaur egun aita da. Ez dakit gerora odolik atera dioten.
S. E.: Ume bati zauria josi behar nion, eta, lasaitu guran, asko maite nuela esan zion bere amak. Haren erantzuna gogoratzen dut ikusten dudan bakoitzean: “Bai, kaka!”

Pediatrak falta dira. Zergatik?
S. E.: Aspaldiko aldarria den arren, pediatria-erizainik ez dagoen arrazoi beragatik: administrazioak ez dio garrantzirik eman gure paperari. Bai, ordea, gizarteak. Plangintza txarra egon da urteetan, ez dira nahikoa plaza atera pediatrak trebatzeko. Azkenaldian gehitu dira, baina belaunaldi aldaketarako ez dira nahikoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!