Antzinako erara arto-hostoekin alfonbrak egiten erakutsiko du Lola Altolagirrek Iturri Kultur Etxean

Maialen Zuazubiskar 2018ko ots. 16a, 16:50

Garai batean Euskal Herrian artoa produktu oso garrantzitsua izan zen, eta gaur egun ere lehengai preziatua da askorentzat. Esaterako, Lola Altolagirre Galarraga azpeitiarrak ezin hobeto zaintzen ditu arto-hostoak, horiekin alfonbrak egiten ditu eta.

“Hasieran artoa ehundu eta lehengai honegaz esperimentatu bakarrik egiten nuen, baina duela urte batzuk Maria Pilar de Uria ezagutzeko aukera izan nuen, eta antzina arto-hostozko alfonbrak egiten zirela eta horiek nola egin erakutsi zidan ”, azaldu du Altolagirrek.

Orduz geroztik, arto-hostoekin alfonbrak egiten eta ikastaroak emanez jendeari erakusten dabil Lola Altolagirre. Esaterako, zapatu honetan Eixu Elorrioko artisau elkarteak antolatuta, Iturri Kultur Etxean izango da Euskal Herrian antzina erabiltzen zuten teknika azaltzen. “Ahoz aho transmititutako teknika baten berri emango dut Elorrion. Niri Maria Pilarrek erakutsi zidan, eta egun beste herritar batzuei erakusten dihardut”, esan du.

Galzorian zeuden arto-hostozko alfonbrak egiteak “misterio handirik” ez duela aitortu du azpeitiarrak. Hala ere, eskulan hauekin “konektatzea eta denbora hartzea” ezinbestekoa dela adierazi du. “Teknika erraza da. Hala ere, lan txukunak egiteko eta alfonbrak egiten jarraitzeko ezinbestekoa da eskulanekin eta arto-hostoekin konektatzea”, dio.

Materialaren garrantzia
Horrez gain, “lan txukunak” egiteko, material egokia izatea ezinbestekoa dela eta material hori lortzeko aurrez lan egin behar dela jakinarazi du Altolagirrek. “Esaterako, nik udazkenean batzen ditut hostoak. Heze badaude, lehortzen uzten ditut eta, azkenik, aukeraketa bat egiten dut”, adierazi du eskulangileak.
Azpeitiarraren hitzetan, erdi tamainakoak eta artoaren barruko aldean daudenak dira alfonbrak egiteko hostorik aproposenak. “Gainera, nire ustez, bigunegiak ez dira onak, ezta kanpoan dauden lehorrenak ere”, esan du.

Bestalde, artoa dagoen bitartean, Euskal Herriko antzinako artisauek alfonbrak egiteko erabiltzen zuten teknika hau interesa duenari transmititzen jarraitzeko prest dagoela aitortu du Lola
Altolagirrek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!