Hala ere, gaztetxeko kideek etapa berri baten aurrean daudela adierazi diote ANBOTOri, eta belaunaldi berriei ateak zabaltzeko asmoz, urteurren jaia bide baten hasiera dela aitortu dute.
“Belaunaldi berrien garaia da, beraiek dira Gaztetxearen etorkizuna eta, horregaitik, elorriar guztiek, gazteek zein ez hain gazteek, ateak zabalik dituztela jakitea gura dugu”, esan dute.
Duela urtebete ingurutik aldaketa prozesu baten barnean sartuta daude Elorrioko Gaztetxeko kideak. “Barne hausnarketa bat egin genuen, 30. urteurren hau ospatzeko ditugun arrazoiak mahai gainean jarriz”, aitortu dute Gaztetxekoek. “Gure asmoa ez zen urteurren jaiari lehentasuna ematea, baizik eta beste belaunaldi batzuei ateak irekitzea”, jarraitu dute.
Horregatik, 2018 honetarako, gazteei begirako ekintzak antolatzen dabiltza Elorrioko Gaztetxeko kideak. “Egun gazteek ez dute Gaztetxea erreferente moduan ikusten, eta beraien toki bat dela erakutsi gura diegu”, esan dute.
Horretarako, ekitaldi sorta antolatzen dabiltza Elorrioko Gaztetxeko kideak. Gaztetxea eraberritzeko prozesuari otsailaren 17an egingo duten urteurren jaiagaz emango diote hasiera.
Otsailaren 17rako, egun osoko egitaraua antolatu dute. Serigrafia, grafiti eta akroyoga tailerrekin emango diote hasiera egunari. Ostean, herri kirolak eta bazkaria egongo dira, besteak beste. “Herritar guztiei dei egiten diegu ekintzetara eta bazkarira etorri daitezen”, esan dute. Iluntzerako hainbat kontzertu antolatu dituzte.
Bestalde, Gaztetxearen 30 urte hauek gogoratzeko, otsailaren 15etik 28ra arte erakusketa antolatu dutela jakitera eman dute. Gainera, prozesu honek jarraipena izango du: ekainean egun musikatua antolatuko dute, uztailean gazte jaia, eta irailean zenbait ekintza antolatuko dituzte jaietan.