Elorriarrek herri kirolak egiteko aukera izango dute domekan

Maialen Zuazubiskar 2018ko ots. 13a, 10:02

Herri kirolentzat gunea plazan egokituko dute. Euria eginez gero erabilera anitzeko pabiloian egingo dituzte.

Elorrioko Udalak herritarren artean kirola sustatu asmoz 'Elorrio Osasuntsua' ekimena martxan jarri zuen urtarrilean. Udara bitartean elorriarrek hilero hainbat jardueraz gozatzeko aukera izango dute. Esaterako, domeka honetan herri kirolak egiteko aukera izango dute.

Udalak jakitera eman duenez, plazan herri kirolak egiteko gune bat egokituko dute eta bertan joko eta kirol ezberdinen jatorria ezagutzeko aukera izango dute herritarrek. Horrez gain, elorriarrek kirol hauek "modu dibertigarri" batean probatzeko aukera izango dutela adierazi dute.

Antolatzaileek ekintza hauek adin guztietara irekita daudela nabarmendu dute eta familia guztiak gonbidatu dituzte jarduera hauetan parte hartu dezaten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!