Gure Esku Dagok 2019ra arteko erronka eta helburuen berri emango du Arriolan

Maialen Zuazubiskar 2018ko ots. 12a, 12:21

Elorrioko Gure Esku Dagoko kideek hitzordua jarri dute, otsailaren 20an, Arriola Antzokian.

Erabakitzeko eskubidearen alde Gure Esku Dago dinamikak giza kate bat egingo du ekainaren 10ean. Donostian hasi eta Gasteizko Legebiltzarraren aurrean amaituko da. Bidean Durangaldeko hainbat herri zeharkatuko ditu: Mallabia, Zaldibar, Berriz, Abadiño, Iurreta, Durango eta Zornotza. Hala ere, erabakitzeko arrazoiak jasotzeko asmoz, dinamikak ‘Zergatik erabaki?’ mahai-inguru zikloa antolatu du aurretik.

Gure Esku Dagoren hurrengo erronka eta helburuen berri emateko, Elorrioko Gure Esku Dagoko kideek hitzordua jarri dute, otsailaren 20an, Arriola Antzokian. “Besteak beste, giza katea zergatik egingo den berriro, zergatik eramango den Gasteizera eta herritarren ituna zer den azalduko diegu herritarrei Arriolan”, esan du Ima Eguen Gure Esku Dagoko kideak.

Bestalde, dinamikako kideek dei egin diete herritarrei ekainaren 10eko giza katea antolatzen parte hartu dezaten. “Gure herritik pasatuko ez den arren, bi kilometro inguru egokitu zaizkigu. Beraz, elorriarrok kanpora irten beharko dugu”, jarraitu du Eguenek.

Horrez gain, martxoaren 14an Angel Oiarbidek hitzaldia eskainiko duela jakitera eman dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!