Figuranteak protagonista bilakatzeko aukerari buruzko antzezlana, Arriolan

Anboto 2018ko ots. 7a, 09:30

Barikuan, otsailak 9, Zanguango taldearen Esto no me lo esperaba antzezlana dator Elorrioko Arriolara, 20:30ean. Antzezlan honegaz, aktore figuranteen paperaz hausnartu gura dute egileek.

Mexikoko Iraultzaren liderra zen Emiliano Zapataren bizitzari eta heriotzari buruzko antzerki ekoizpen erraldoi bateko protagonistak aspaldi desagertu dira eta, horregatik, figuranteek bira egiten jarraitzea erabaki dute, mega-fikzio hau irudikatzeko eta sinesgarri egiteko moduak bilatzen. Euren asmoa ez da protagonistak ordezkatzea, figuranteen paper sinpleekin istorio osoa taularatzeko gai direla uste dute eta. Helburu horrek, baina, gatazkak sortuko ditu protagonisten artean. “Orain ez dut ongi oroitzen zehazki nork esan zuen ‘Gure bizia garatzen den tokien eta gure bizitzari buruz erabakitzen den tokien arteko distantzia fisikoa gero eta handiagoa da’, baina guk ere horretan sinesten dugu, eta gure bizitzan eragiten duten erabakietan gero eta figuranteagoak gara” diote Zanguango antzerki taldekoek.

1993an sortutako antzerki taldea da Zanguango, eta makina bat obra taularatu dituzte. Mende laurden honetan tinko eutsi diote kolektiboki sortzeko metodoari. Halere, forma eta helburuak aldatu egin dituzte urte hauetan zehar. “Arte eszenikoak eta publikoa aldatu egin dira hogeita bost urte hauetan. Beraz, logikoa da gure obrak aurkezteko modua aldatzea, sorkuntza bide beretik egin arren”, diote.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!