Errugbi-zelaian aldagelak eta harmailak jarriko dituzte 600.000 euro inbertituta

Maialen Zuazubiskar 2018ko ots. 5a, 12:15

San Roke auzoan dagoen errugbi-zelaiko irisgarritasuna bermatzeko asmoz, Elorrioko Udalak hainbat lan egingo ditu bertan. Maiatzean hasi eta denboraldi berria hasi orduko burutu gura dituzte lanak eta, Elorrioko Udalak adierazi duenez, 600.000 euroko aurrekontua dute horretarako.

Gaur egun Elorrioko errugbi-zelaiak ez du ez aldagelarik ez komunik, eta arazo horri amaiera ematea ere bada lanen asmoa. “Errugbi taldeek eskolako pabilioiko aldagelak eta komunak erabili behar dituzte”, adierazi du Idoia Buruaga alkateak. “Gainera, egungo komunetan irisgarritasuna ez da bermatzen, eta arazo horri bukaera ematea ere bada gure asmoa”, gaineratu du.

Maiatzean hasi eta denboraldi berrirako amaituta izatea gura dituzten lanei esker, lau talderentzat eta epailearentzat aldagelak egongo dira San Rokeko zelaian. Horrez gain, komunak eta tabernako barra bat ere hartuko ditu eraikin berriak. “Gaur egun ere barratxo bat jartzen dute errugbi taldekoek, eta horrek ere lekua izango du proiektuan”, adierazi du Buruagak.

Bestalde, eraikin berriaren kokalekuari dagokionez, egun harrizko aparkalekua dagoen tokian joango dela esan dute Elorrioko Udaleko kideek.

Horrez gain, errugbi-zelaiko albo batean, eraikin berriaren ondoan, harmailak jarriko dituztela gaineratu dute. “Estaldura bat izango duen gune bat izango da, errugiaz gozateko gune aproposa”, adierazi zuen Dani Palacios kirol zinegotziak azken osoko bilkuran.

Eskolan lanak
Bestalde, errugbi-zelaiko lanak amaitutakoan Herri Eskolan ere lanak egiteko asmoa dutela jakinarazi du alkateak. “Etorkizunean eskolako irisgarritasuna hobetzea eta kiroldegian komunak jartzea da gure asmoa”, bukatu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!