“Gure ustez, orain da unea berdegune hau egiteko, Tolotoren berbideraketak gune hau zabaltzeko bidea ireki digu”, esan du Buruga alkateak.
Uda ostean lehen aldiz herritarrei zabalduko dieten zelaian gazteentzako jolasgunea, txintxaunak, eserlekuak, mahaiak... jarriko dituzte. Horrez gain, txakurrentzat ere gune bat jarriko dutela adierazi dute. “Ate irekiak egin genituen eta herritarrek berdegunean zer gura zuten erabakitzeko aukera izan zuten”, adierazi du alkateak.
Bestalde, 2017an herriko gazteekin egindako diagnostikoan irtendako hainbat proposamenek ere tokia izango dute Buskantz lursailean. 2019rako, esaterako, skate parke bat egingo dute. “Herriko gazteek hainbat eskari egin zizkiguten, eta beraiek lehentasunak ezarri ostean, horiek asetzen ahaleginduko gara”, jarraitu du alkateak.
Horrez gain, zelai horretan bizikletentzako bide bat ere jarriko dute. Elorrio bizikletan ibiltzeko “herri aproposa” dela eta etorkizunean bide hori luzatzeko asmoa dutela plazaratu du Buruagak.
Uda osterako zabalik egongo den guneari ordutegi bat jartzea ez dutela erabaki esan du alkateak. “Zalantzak ditugu parkea egun osoan zabalik egongo den ala ordutegi bat jarriko diogun”, bukatu du.