Bere sasoian, bioeraikuntzan eta bioarkitekturan aditua den EcoHabitar aldizkariak erreportaje luzea idatzi zuen Txintxirriko bioeraikin proiektu berriaren gainean. Hainbat ikastetxerentzat deigarria izan dela eta jakin-mina eragin diela ere azpimarratu du Cobosek. “Eraikina bera zein han darabilgun metodologia pedagogikoa bertatik bertara ezagutzera etorri izan zaizkigu. Pozik eta harro gaude”, gehitu du.
Auzolana
Eraikitze prozesuak hainbat fase izan zituen. Tartean, auzolana bideratu zuten. Enpresa batek tailer batzuk antolatu zituen eta hainbat jende batu zen deialdi zabalera, ingurukoak zein Euskal Herri osokoak. Haien ahaleginari esker eraiki zituzten hormak.