Elorriarren %26ak hondakin organikoa era sailkatuan jasotzen du

Maialen Zuazubiskar 2018ko urt. 22a, 11:33

Edukiontzi marroiaren erabilera sustatu asmoz Amankomunazgoak bultzatzen duen 'On Egin' indartu gura du Elorrioko Udalak.

Elorrioko Udalak jakitera eman duenez 1.971 elorriarrek hondakin organikoa era sailkatuan jasotzen dute. Prentsa oharrean azaldu dutenez, 1.446 herritarrek edukiontzi marroia erabiltzen dute eta 451k auto-konposta.

“Guk geuk eta gure ondorengoenek ahalik eta Elorrio osasuntsuena izan dezagun lanean jarraitu behar dugu denon artean. Gure baitan hasten da hondakinak ahalik eta modurik eraginkorrenean kudeatzeko ardura, eta, bide horretan, badaukagu zer hobetu", adierazi du Xabier Dominguez zinegotziak.

Udalak jakitera eman duenez, Durangaldeko Amankomunazgoak hondakinak kudeatzen dituen herrietan baino %5 hondakin organiko gehiago kudeatzen dira Elorrion. "Inguruko herriekin alderatuz datuak onak diren arren, datuak hobetzeko konpromisoa eduki beharko genuke", adierazi du zinegotziak.

Bestalde, edukiontzi marroiak erabiltzeko giltza-sistema ezarri dutela jakitera eman dute, eta izena emateko 94 623 25 22 telefonora deituta edo al21.mdurango@bizkaia.org helbidera idatzita egin daitekela adierazi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!